Campus teknologikoari buruzko "galderak eta kontraesanak" argitu ditu EAJk
Igor Enparan alkatea Parke Teknologikoen arduradunekin bildu berri da, eta jeltzaleek diote ez dakitela bileraren edukia zein izan den, ezta bertatik ateratako ondorioak ere.
Azken egunetan Igor Enparan alkatea Parke Teknologikoen arduradunekin bildu da. Bilera hau probestu du EAJ taldeak campus teknologikoari buruzko “galderak eta kontraesanak” argitzeko. Ohar batean adierazi dutenez, jeltzaleek ez dakite bileraren edukia zein izan den, ezta bertatik ateratako ondorioak ere. “Ez dakigu Abotsanitzen gobernu taldeak Campus Teknologikoari buruz duen egungo jarrera. Horrekin lotutako azken adierazpen publikoetan esan zutenez, ‘beti egon dira Zubietako Miramongo Parke Teknologikoa hedatzearen alde, baina eskualde ikuspegiarekin, Irunekin batera’. Zer esan nahi du horrek? Nola gauzatzen da?”, diote.
Jeltzaleek erantsi dute hedabideen bitartez iritsi zaiela Donostiak Miramongo Parke Teknologikoaren hedapena Ilunbera lotzeko aukera aztertuko duela. Eta Itziar Epalzak (Euskadiko Parke Teknologikoen zuzendaria) Hondarribiko Campusaren aldeko apustuak “zutik dirauela” esan duela nabarmendu dute.
Egoera horren aurrean udal gobernuak HAPOri buruz helarazten dituen mezuekin kezkati agertu da EAJ. “Plana onartzea funtsezkoa da Campus Teknologikoaren proiektuarekin aurrera egiteko. Baina egungo gobernuak HAPO onartzeko prozesuan aurrera egiteko dituen zalantzak eta berriki egindako adierazpenak direla eta (“patxaraz” egingo dutela argudiatuz) , “Hondarribiarentzat aukera historikoa gal daitekeela” uste du EAJk. “Garaiz iristen ez baga, beste udalerri batzuk ere egon daitezke zabalkuntza hori hartzeko interesa dutenak. Horregatik, garrantzitsua da HAPOren izapidetzea ez moteltzea. lanaren hasierako onarpena errealitate bat da, eta behin-behineko onarpenari ekin behar zaio, Hondarribiari etxebizitza pribatuak, eta publikoak, ekipamendu berriak eta Campus Teknologiko honen etorkizunari ihes egiten ez uzteko”, erantsi dute.