Altxorra ondo bukatzea da
Pirata ezagunarekin ezaugarritu dute etziko Behobia-Donostia. 30.000 inguru izango dira irteeran izango diren partaideak. Haientzat altxorrik preziatuena gozatuz bukatzea izango da.
Moda bihurtu omen da korrika egitea. Bogan dago. Geroz eta gehiago dira running-aren zale direnak. Hori hala bada, moda hori azaleratzeko unerik aproposenetakoa Behobia-Donostia izan daiteke. 30.000 inguru izango dira etzi Irungo auzoa eta Gipuzkoako hiriburua batzeko ahaleginean 20.000 metro egingo dituztenak, gehienak lasterka, baina baita gurpildun aulki eta patinetan ere. Oarso Bidasoan eragin nabarmena izaten du 20 kilometroko lasterketa erraldoiak, eta ez bakarrik trafiko eragozpenengatik: bidearen hiru laurdenak bertatik egiten ditu, 15.000 metro denera, 15. kilometroa Trintxerpeko Eskalerillas inguruan baitago.
Haraino iristeko, lehenengo, atera behar. Etzi, osotara, 21 irteera ezberdin izango dira Behobian, tarteka-tarteka. Lehenak ateratzen gurpildun aulkietako kirolariak izango dira, 09:30ean ekingo diote lehiari. Ondoren, 09:35ean, patinatzaileen abiatzea. 10:00etan korrikalarien txanda: hemeretzi irteeratan banatu dituzte 30.000 kirolariak. Azkenak irteten dortsal zuria izango dutenak dira, 10:50ean hasiko dutelako haien ibilbidea kolore hori duten dortsalen jabeek (zazpi irteera dituzte zuriek).
Lasterketaren bosgarren kilometroa Irungo suhiltzaileen estazioaren inguruan izango da. Hamargarrena, Oiartzungo Lintzirinen, eta hamabosgarrena lehen N-1 errepidea zenean, Eskalerillas inguruan. Hori aurretik Irun osoa, Gaintxurizketa, Errenteria-Orereta eta Antxo zeharkatuko dituzte partaideek. Handik aurrera Donostian sartu, eta helburua bakarra izango da: Donostiako bulebarreko azken arkua. Lasterka ibiltze moda bada, Behobia-D0nostiaren helburua gozaraztea da. Pirataren altxorra ondo bukatzea izango da.
Zaleak
Behobia-Donostia zerbaitegatik ezaguna bada, hori bidearen ertzean izaten direnen animoengatik da. Bertan bizi direnek ondokoak izango dituzte zain 20.000 metroen zatiren batean; motibazioa izango da korrikalari horientzat hara gogoz iristea. Kanpotik datozenek, ordea, arras eskertzen dituzte zaleen oihuak, kamisetaren kolorea eta jatorria edozein izanda ere, denentzat baitaude animo garrasiak. Erne: horiekin ez daitezela korrikalariak gehiegi berotu, beroaldi horrek kilometroetan aurrera egin ahala eragina izan dezakeelako. 20 kilometroko lasterketa da Behobia, ez da nolanahi hartzeko modukoa.
Irteera lerroan izango diren partaide guztietatik %30 pasatxo emakumeak izango dira, 9.000 inguru; 1999an, adibidez, 859 izan ziren (%9,5). Etenik gabe gorantz doa emakumeen parte hartzea bai Behobian zein bestelako herri lasterketetan. 2025erako kopuru hori %50 iristea du asmo Behobia antolatzen duen Fortuna Kirol Elkarteak.
Oarso Bidasoan jende gehien une berean batzen duen ekitaldia da Behobia-Donostia lasterketa. Horren jakitun, HITZA berriz ere errepide ertzera aterako da etzi. Izan ere, tokiko euskarazko hedabidearen langileek hainbat argazki galeria egingo dituzte probaren koloreak eta usaina lau haizetara zabaltzeko, igandean bertan, bere webguneen bitartez.
Astelehenean, berriz, Oarsoaldeko lau herrietako nahiz Irun eta Hondarribiko sailkapen zehatzak ezarriko ditu Oarsoaldeko eta Bidasoko webguneetan.