Denboraren zaindari eta korrikalarien bidelagunak
Aurtengo Behobia-Donostian 30 erbi izango dituzte bidelagun korrikalariek, hamasei gizon eta hamalau emakume. Antxotarrak Lasterkari Taldeko hiru kide izango dira haien artean.
«Ardura eta ohorea». Hori da Ana Cruz eta Edurne Jauregi antxotarrentzat Behobia-Donostian erbi lanak egitea. Lehenak bosgarren urtea izango du korrikalarien erritmoa markatzen lasterketan, Jauregiren laugarrena da igandekoa. Antxotarrak Lasterkari Taldeko kideak dira biak, eta haiekin batera Ainhoa Lekuona izango da klubaren ordezkari irteera lerroan. Osotara 30 izango dira erbi lanak egingo dituztenak, hamasei gizon eta hamalau emakume.
Jada erbi lanean eskarmentua badute ere, lasterketaren zirrara bizi dutela azaldu dute Cruzek eta Jauregik. «Sekulakoa da lasterketa hau. Askotan parte hartu dugu, baina giroagatik eta sortzen den guztiagatik bereziena da Behobia-Donostia». Partaide guztiek izango duten zirraraz gaindi, ardura ere badute. Besteentzat lan egingo dute etzi: Cruzek ordubete eta 33 minutuko banderatxoa eramango du (dortsal urdinen lehen irteeran izango da), eta Jauregik ordubete eta 45 minutukoa (dortsal laranjen lehen irteeran abiatuko da).
«Ondo prestatuta gaude. Gai gara, nola ez, ezarri zaigun lana ondo betetzeko. Baina ez pentsa, beti daude zalantzak. Beti atera daiteke zerbait gaizki, eta gurekin batera doazen lasterkariak botata utzi. Orain arte ez dugu inolako arazorik izan, baina nork daki», azaldu du
Jauregik.
Artaldea
Biek ala biek badakite, ez bakarrik Behobian, zer den erbi lana. Adibidez, Donostiako 15 kilometroko lasterketan aritzen dira zeregin horretan. Horren ibilbidea, ordea, laua da. «Behobia osoan ezin gara erritmo berberera joan. Maldan gorantz, Gaintxurizketan adibidez, erritmoa lasaitu behar izaten dugu, beherakoan estutzeko. Hau da, denbora guztian ez goaz erritmo jakin batera. Zonaldearen arabera moldatzen joaten gara korrikaldia», zehaztu du Cruzek.
Irun eta Donostia arteko 20 kilometroetan jende multzoa izaten dute alboan bi kirolariek. Artalde antzeko baten artzain dira. K0munikazioa ere lantzen dute, eta hasieratik ondoan duten korrikalariren bat zailtasunean ikusten badute, haiekin jarraitzeko animoak ematen dizkiote. «Bulebarreko helmugan, beti, ondoan izaten ditugunekin besarkatzen gara. Une oso ederra da hori, guretzat, baina batez ere haientzat».