Azken txanpari ekiteko, txistulariekin kalejira
Aurten 26. urtez Pasaia Musikaleko musikariak bidearen ertzean izango dira korrikalariei hauspoa ematen. Txistularien taldeak azken bost kilometroetarako indarra emango die partaide guztiei.
Pasaia Musikaleko ikasle eta irakasleak ezinbesteko osagai dira Behobia-Donostiaren bide ertzeko giroan. Aurten 26.ez aterako dira bertako txistulariak korrikalari den-denak animatzera, musikarekin. Lehenik Trintxerpen bertan izaten ziren, baina Behobiaren ibilbidea aldatu (2014an) eta Eskalerillas aldera lekualdatu zuten girotze lana.
Maiz gertatzen den bezala, zoriak eraman zituen musikari pasaitarrak lasterketaren ondare aktibo izatera. Hala azaldu du Mari Jose Gaztelumendi Zalakain txistu irakasleak: «Pasaia Musikaleko ikasleek eta Illunbe Txistu Bandako kideek ohitura genuen hilean behin kontzertu bat emateko. Duela 25 urteko kontuetaz ari naiz. Kontzertu horietako bat bukatu, eta ikusi genuen jende asko zegoela kalean. Behobia pasatzen zen herritik. Hortaz, erabaki genuen emanaldia luzatu eta korrikalariei eskaintzea gure kantak. Eskertu zuten. Hurrengo urtean erabaki genuen propio errepidera irtetea lasterkariak animatzera, nola ez, musikarekin».
Zortzi izan ziren orduko hartan. Etzi, 25 bat izango dira. Bi ordu eta erdian-edo egongo dira jo eta su errepide ertzean. Ez dira gelditzen, arnasarik hartzeko aukerarik ez dute izaten pieza eta pieza artean. «Gelditzen garenean korrikalariek jotzeko eskatzen digute, gure doinuak entzun nahi dituzte. Jendeak espero gaitu, begira gelditzen dira asko, edo nahiz eta neka-neka eginda joan saltoka edo besoak altxatzen hasten dira».
Kalejirak hobe
Gaztelumendik azaldu du korrikalarien erritmoarekin bat egiteko abesti egokienak kalejira eta biribilketa estilokoak direla; arin-arin edo fandangoekin, agian, erritmoa gehiegitxo azkartuko lukete. Txistulariek badakite 15. kilometroan daudela partaideak, eta korrikalari asko leher eginda iristen direla hara, Mirakruzeko malda dute aurrez aurre: «Guk ematen diegu azken bultzada».