Amua jaialdiaren hirugarrena, hastear
Musikari lotutako 10 film labur proiektatuko dituzte datorren ostegunetik larunbatera Itsas Etxean. Proiekzioez gain, kontzertu eta emanaldiak izango dira ere.
Datorren astean Musika Film Laburren III. Amua Jaialdiak Itsas Etxeko auditoriuma hartuko du, hiru egunez. Ostegunetik (hilak 16) larunbatera (hilak 18) bitarte izango dira proiekzioak, askotarikoak. Baina ez da horretara mugatuko aurtengo edizioa ere, kontzertu eta emanaldi bereziak ere antolatu baitituzte. Ortzi Alonso zinegotziaren arabera, “lan mardula” egin dute udalak eta Amuak elkarlanean egitaraua prestatzeko. Harekin batera izan dira gaurko aurkezpenean Goio Uriarte kultur teknikaria, Ernesto Toledo jaialdiaren antolatzailea eta Judas Arrieta artista.
10 film labur proiektatuko dituzte orotara aurtengoan eta ohiko hiru sariak banatzeaz gainera (Judas Arrieta artistak egindakoak), publikoak aukeratutako film labur bat ere sarituko dute (proiekzioan bertan bozkatu beharko da). Ostegunekoa irratiari eskainitako eguna izango da, ostiralekoan The Beatles talde ezaguna izango da protagonista nagusia eta larunbatekoa soul musikari eskainiko diote.
Jaialditik harago, arlo pedagogikoa ere landu nahi dute aurten, eta horretarako zenbait proiekzio egingo dituzte datozen egunetan herriko hiru ikastetxeetan. “Kontzertu berezi batez gozatu ahal izango dute ikasle batzuk”, azaldu du Goio Uriarte kultur teknikariak.
- Osteguna (Irrati eguna):
- 19:00: lehen proiekzio saioa.
- 20:00: El sotano de radio 3 irratsaioa eta ondoren, Mambo Jambo taldearen kontzertua.
- Ostirala (Beatles eguna):
- 10:00: Beatles for children: Flaming Shakers emanaldia.
- 19:00: Bigarren proiekzio saioa. Ondoren, The Beatles taldeak grabatutako Get Back. The rooftop concert kontzertua proiektatuko dute.
- 22:00: The Beatlesen omenezko kontzertua.
- Larunbata (Soul eguna):
- 19:00: Sari banaketa egingo dute. Ondoren, Amy Winehouse. Live in London kontzertua proiektatuko dute.
- 22:00: The Bamboos taldearen kontzertua.
Jaialdiaren gaineko informazio eta xehetasun gehiago, lotura honetan kontsulta daitezke.