Gran Sol jatetxeak beste sari bat ekarri du Valladolidetik
Espainiako Pintxo Lehiaketan accesit saria jaso du Hondarribiko jatetxeak. 'Tizon' pintxoa saritu diete Alberto Loro, Iñigo Tizon eta Mikel Muñoz sukaldariei.
Albiste ona heldu da Valladolidetik (Espainia). Hondarribiko Gran Sol jatetxeak beste sari bat poltsikoratu du. Oraingo honetan Valladolideko Espainiako Pintxo Lehiaketan ordezkatu du Gipuzkoa jatetxeak, eta accesit saria eman diete Alberto Loro, Iñigo Tizon eta Mikel Muñoz sukaldariei, Tizon pintxoarekin.
Pintxo honen osagai nagusia txangurroa da, eta kimchiz egindako maionesarekin eta ozpinetako batzuekin apaindu dute, ketu ukitu batekin biribilduz.
Lehiaketa honetan eskuratzen duen bosgarren saria izan da azken hau, sari gehien poltsikoratu dituen jatetxea da gaur egun. 2006an, 2009an eta 2010an pintxo onenaren saria jaso zituen Gran Solek; eta 2018an bigarren pintxo onena kozinatu zuten jatetxeko sukaldariek.