Plaka fotovoltaikoak, udal eraikinen autokontsumorako
Lehen plaka fotovoltaikoen instalazioa egin du udalak Iraun haurtzaindegian eta udaletxea eta liburutegiari emango diote energia. Azken Portu kiroldegian jartzea da hurrengo asmoa.
Iraun haurtzaindegiko teilatuan dagoen autokontsumorako instalazio fotovoltaikoa aurkeztu dute. Bertatik ateratako energia, haurtzaindegian bertan erabiltzeaz gain, asko kontsumitzen duten beste bi udal eraikinetarako ere erabiliko da: udaletxea eta CBA kulturgunea.
Instalazio lan horiek 2022aren bukaeran egin ziren eta 17,5 kW fotovoltaiko jarri zituzten. Instalazioa 2022an bukatu zuten arren, proiektua ezin izan da sarera konektatu orain arte “autokontsumo kolektiboko instalazioak atzerapenak izaten ari baitira banatzaile elektrikoarekin legeztatzeko tramiteetan”.
Udalak dio autokontsumo kolektiboaren modalitateari esker, autokontsumo mailak maximizatzea lortuko dela, bertan berriztagarri moduan sortuz hiru eraikinen elektrikoa murriztuta.
Azken Portuko kiroldegian 75,6 kW-ko potentzia duen instalazio fotovoltaiko berri bat egiteko lizitazio lanetan dabiltza. Kiroldegiak energia asko kontsumitzen duenez, eraikinaren autokontsumorako bakarrik sortuko dela zehaztu dute. Lan horiekin 2024an hastea aurreikusi dute, eta esku-hartze hori probestuz eta ur beroa sortzeko erabiltzen diren eguzki plaka terminoen funtzionamendua optimizatuko dute.
Bide berean, Elatzeta ikastetxeko haur hezkuntzako eraikinean ere instalazio fotovoltaiko bat jarriko dute. Dena den, obra horiek ez dituzte 2025 baino lehen egingo. Beraz, bi urte itxaron beharko dira proiektu horren esku hartzea martxan jartzeko.
Azken asteetan udala industria sektoreko hainbat eragilerekin harremanetan dabilela ere adierazi du udalak, “aztertzeko ea interesik badagoen energia komunitateak sortzen laguntzeko, gero herritarren eremura zabaldu ahal izateko asmoz”.
Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak adierazi du “autokontsumo fotovoltaikoa energia trantsizioari laguntzeko tresna nagusi” bat bihurtu dela duela urte batzuetatik hona, eta ia eremu publiko guztietatik ari dela sustatzen azaldu du. Udal eraikinetako lehen instalazio proiektuak idazteko kontratazioa 2021ean aktibatu zuen udalak.