Urte osora zabaldu dute Gure Artean programa
Migratu duten emakumeei Irun gehiago ezagutzen laguntzea da xedea, emakume boluntarioen laguntzarekin. Bi txandatan dago banatuta programa.

Gure Artean programan izena emateko aukera urte osora zabalduko dutela iragarri du gaur Cristina Laborda Berdintasun zinegotziak, Irungo Emakumeen Etxean. Programarekin Irungo emakume boluntarioak eta Irunera migratu duten emakumeak elkartzen dituzte atzerritik etorri direnei Irun ezagutarazteko eta hirian moldatzen laguntzeko.
Integrazio ariketa bat da eta helburua haien parte hartzea sustatzea ere bada. Programarekin ere emakume horiek babesa jasotzeko eta ahalduntzeko “espazio seguru bat” eskaini nahi dutela azaldu du Labordak.
Formatu libreko bilerak egiten dituzte eta horietan gizarte gaiak landu, adibidez, ohiturak, kultura, baliabideak eta zerbitzuak. Horrez gain, parte hartzaileen garapen pertsonal eta profesionalaren inguruko gaiak ere izaten dituzte hizpide, hala nola prestakuntza eta enplegu bilaketa.
Labordak adierazi du emakumeak emakume izate hutsagatik diskriminatu egiten dituztela, baina emakume migratzaile izatearen baldintza ere badagoela azpimarran jarri du: “Emakumeak, emakume izate hutsagatik, diskriminatuak dira, baina emakume migratzaileek, gainera, beste zaurgarritasun alderdi bat dute”.
Gaur egun, hogei eta hamar bat emakume dira Gure Arteanen parte hartzaileak eta egunetik egunera emakume gehiago batzen direla adierazi du udalak. Parte hartzeko 943 505 635 edota 602 218 196 telefono zenbakira deitu behar dute, astelehenetik asteazkenera, eta ostiraletan, goizez 09:30etik 13:00etara, eta ostegunetan, arratsaldez, 16:00etatik 19:00etara.
Bi txanda daude aukeran: bata, ostiraletan, goizez, 10:00etatik 11:30era bitartean, eta, bestea, ostegunetan, arratsaldez, 16:00etatik 17:30era bitartean. Saioak astean behin izango dira eta kontuan hartzen dute eskola egutegia eta eskola oporrak.