Palestinaren erresistentzia eskubidea aldarrikatuko dute mugatik CAF-era
Manifestazioa deitu dute larunbat honetarako "Israelgo Estatu sionistaren genozidioa salatzeko eta palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea defendatzeko". Hendaiako tren geltokitik abiatuko dira 12:00etan eta Irungo CAF enpresan bukatuko dute mobilizazioa.
![](https://bidasoa.hitza.eus/site/files/2023/11/53253903134_fe4e57c781_k-1200x800.jpg)
Palestinarekin Elkartasuna taldeak manifestazioa deitu du larunbat honetarako, azaroak 11, 12:00etan. Hendaiako tren geltokitik abiatu, geldialdia egin mugan eta CAF enpresara joango dira (San Migel eta Anaka auzoen artean dago). Egun horretarako deialdian egin dituzte ere Bilbon, Gasteizen eta Iruñean.
CAF Israelgo Estatu Sionistaren konplizetzat du taldeak, Israelgo Estatuaren intereseko bi proiektuetan dabiltzalako. Saphir eraikuntza-enpresa israeldarrarekin batera, Tel Aviven tren arina martxan jartzeko eta Jerusalemen linea berde eta gorriak garatzeko lanetan dihardute. Gazan gelditu ez diren bonbardaketak hasi zirenetik, enpresak ez du bere jarduna gelditzeko asmorik adierazi eta, gainera, CAFek bertako langileei “telelana” egitera bultzatu die, “ahal den neurrian”.
Antolatzaileek argi dute mobilizazio ziklo honi segida eman behar diotela, “herri palestinarraren aldeko elkartasuna hedatzeko eta mendebaldeko estatu, enpresa eta instituzioei presio egiteko sionismoa babestu ez dezaten”. Hartara, kalera irteteko deia egin dute hiru oinarrirekin. Hona hemen horiek hitzez hitz:
- Genozidio sionistaren konplize diren enpresa eta instituzioak seinalatu eta salatu ditzagun.
- Estatu sionistarekin kolaboratzen duen Espainiako gobernuaren aurkako presioa handitu dezagun.
- Palestinar erresistentziaren alde mobiliza gaitezen.
Urriaren 28an Bilbon egin zen manifestazio nazionala izan du hizpide Palestinarekin Elkartasuna taldeak eta “norbanako ugari batzea eta aktibatzea” lortu zutela baloratu dute, estatu sionistaren genozidioa salatzeko eta palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea defendatzeko.
10.000 pertsonatik gora elkartu ziren Bilboko kaleetan eta manifestaziorekin diote frogatu egin zutela “Euskal Herrian babes zabala dutela palestinar erresistentziaren eta estatu sionistaren desegitearen aldeko aldarrikapenek eta mendebaldeko gobernu eta instituzioen aurkako salaketak”.
Milaka eta milaka pertsona bildu izana “historiaren alde zuzenean” egotearen adierazletzat jo dute, “beste edozeinek bezala, bere autodefentsarako eskubidea gauzatzen ari den palestinar herri zapalduaren alboan”.
Palestinako egoera egunetik egunera gogorragoa eta latzagoa dela ohartarazi du taldeak, Israelek ez dituelako Gazaren kontrako bonbardaketak gelditu eta “blokeo krudelarekin” segitzen dutelako. Mendebaldeko gobernuei egotzi diote estatu sionista egiten ari den genozidioa babestea eta konplize izatea “militarki, ekonomikoki eta politikoki”.
Bide horretan, Europako eta AEB-ko gobernuei leporatu diote Israel hornitzeko armak, soldaduak eta gerraontziak bidaltzen aritu den bitartean, “herri palestinarrarekiko elkartasun adierazpenak debekatzen eta kriminalizatzen” aritzea.
Espainiako presidentearen inbestidura lantzen ari diren bitartean ere Israeli konplizitatea adieraztea arbuiatu dute. “Espainiako gobernua Estatu sionistari babesa ematen ari dio, ezkerreko alderdi guztien konplizitatearekin. PSOEren gobernuak itsas armada Mediterraneo ekialdera bidaltzen duen bitartean, ezkerreko alderdiek – Palestina babesten dutela diotenek– inbestidura blokea osatu dute eta datozen egunetan berriro ahalbidetuko dute herri palestinarraren aurkako genozidio sionistaren kolaboratzaile eta konplize den gobernu hau”.
Horregatik, PSOEren Espainiako gobernuaren aurkako “presio politiko eta soziala” handitzeko deia egin dute, “estatu sionistarekin dituen harreman diplomatiko, ekonomiko eta armarekin lotutakoak eten ditzan”.