Eguberrietako kanpaina iragarri du udalak
279 apaingarri jarriko dituzte guztira, eta meteoritoa izeneko argiztapen berri bat ere instalatuko dute. Abenduaren 1ean piztuko dituzte argiak.
Irungo Udalak aurtengo Eguberrietako kanpainaren berri eman du. Leloa, Aurtengo Eguberrietan, Irun da plana izango da eta irudiaren egilea Patri Taberna ilustratzaile irundarra izan da. Programa ez dute oraindik iragarri, aurrerago egingo dute.
Alkateak adierazi du “Irunen asko gustatzen zaizkigu Eguberriak” eta “ahaztezinak” izan daitezen izatea nahi du. “Gure helburua da guztiontzako hitzordu edo plan saihestezin bat bihurtzea Irun”. Miguel Angel Paez Hiri Bultzadako ordezkariak azaldu du dinamizazio ekintzak hiriko merkataritza eta ostalaritza sarearekin elkarlanean antolatu dituztela, eta aurtengo egitaraua antolatzeko Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartu dute.
Eguberri hauetan 279 apaingarri jarriko dituzte: 86 arku, 141 farol, 25 zuhaitz eta 26 multzo apaingarri, biribilguneetan eta espazio berezietan. Aldaketa handiena arkuetan eta zuhaitzetan apaingarriak gehitzea izan dela azaldu dute.
Berritasun bat ere izango dute aurtengo Eguberriek eta meteoritoa izeneko apaingarri bat ekarriko dute. Bi figura dira 3Dn eginak, zazpi metro bider hiru metrokoak eta Luis Marianon eta San Migelen jarriko dira. Argiztapen guztietan bezala, LED argiak erabiliko dituzte.
Argiak abenduaren 1ean piztuko dituzte San Juan plazan egingo den urteroko ekitaldia baliatuz, 18:30ean. Musika eskolako abesbatzak eta akordeoi orkestrak girotuko dute ekitaldia.Argiak abenduaren 1etik urtarrilaren 6ra arte piztuko dituzte, arratsaldeko 17:30etik 00:00ak arte. Auzoetan, 22:30ean itzaliko dira.