EAJk Larreundi-Olaberria auzo elkartea udalak babestea eta sustatzea proposatu du
Belaunaldi erreleboari erantzutea aitortu diote auzo elkarteari eta, horrenbestez, udalak auzo elkartea babestu behar duela azaldu dute.
Irungo EAJk Irungo auzo elkarteen berrikuntza prozesuak babestea eta sustatzea eskatu dio udalari. Horretarako, Larreaundi-Olaberria auzo elkartearen biziberritzea izan dute ardatz.
Duela pare bat aste Larreaundi-Olaberriko auzo plana aurkeztu zuen auzo elkarteak, auzotarren parte hartzearekin eta laguntzarekin osatutakoa, eta plan horretan, auzoaren beharrak daude jasota, besteak beste. Jeltzaleen esanetan “lan zehatza eta errealitatea erakusten duena” da eta adierazi dute “aintzatespen egokia” behar duela lan horrek.
Auzo elkarte baten eginkizunetako bat “auzo bizitza dinamizatzeko ekimenak” proposatzea da, baina EAJk salatu du “tamalez, Larreaundi-Olaberrian leku nahikoa ez izateak baldintzatu” egiten dutela auzo elkarteak egin nahiko lituzkeen ekintza asko, “seguruenik beste elkarte batzuetan bezala”.
Larreaundi-Olaberriako auzo elkartearen egungo egoitza “oso txikia” da eta “zaharkituta” dago. Egoera honen aurrean, udalak auzoan gune soziokultural bat eraikitzeko aurreikuspena duela iragarri du EAJk , “garai batean elektrizitate estazioa zegoen lekuan”. Baina, leku horretan parke bat ireki berri du udalak.
Auzo elkartearen eraikin berria gauzatu bitartean, auzo elkarteak behin behinean alokatzeko premiarekin segitzen duela oroitu dute, “egoki lanean jarraitu ahal izateko”. Alokairu hori iaz eskatu zutela auzo elkarteko kideek azaldu dute eta EAJ 2023ko aurrekontuetan 22.000 euroko zuzenketa bat sartzen saiatu zen, baina “zoritxarrez” proposamenak ez zuen aurrera egin.
Auzo elkarte honek “merezimenduzko pertsonen berritze prozesua” egin duela aitortu dute jeltzaleek. “Pertsona talde bat aktiboki inplikatu da elkartearen bizitzan, eta inplikazio horrek emaitza oparoak eman ditu. Esaterako, urte askoren ondoren auzoko jaiak berreskuratu dira, kirol eguna antolatu dute, haurrentzako liburutegia, beste hainbat ekintza euskararen egunean, urteroko egitaraua eta baita Larreaundi langile auzo baten kronika dokumentalaren proiekzioa ere”.
Egoitza berriaren eskaerari “erantzun egoki bat” ematea merezi dutela adierazi du EAJk. Horretarako, hainbat eskaera egin dituzte: udalak aurrekontu partida bat esleitzea, beharrezko altzariak dituen lokal bat alokatzea, “lana modu duin eta egokian egin ahal izateko”.
Auzo elkarteak “belaunaldi erreleboko krisi batean murgilduta daudela” onartzeko garaia dela diote jeltzaleek. Horrenbestez, beharrezkoa zaie goraipatzea Larreaundi-Olaberriko elkarteak egoera sozial horri emandako irtenbidea, “bere garaian gure hiriko beste hainbat auzotako elkarteek egin ahal izan zuten bezala, noski”.
Erreleboa gauzatzen denean udalak lagundu egin beharko lukeela diote “berritze-prozesua behar bezala egin dadin”. Funtsezkoa dela ekimen horiek babestea uste dute, “auzoen bizitasuna aitortuz eta babestuz, eta horrela, hau, antzeko prozesuetan murgilduta dauden beste auzo elkartea batzuentzat eredu eta aukera izango baita”.