Otello opera bueltan da Irunen
Azaroaren 11n eta 12an eskainiko dute lau ekitaldiko opera. Aurrekari gisa 'Zinemako opera' eskainiko dute azaroaren 7an.
Datorren hilaren 11n eta 12an Otello opera Irunen eskainiko dute berriro. Lau ekitaldiko opera izango da eta horren aurkezpena egin dute gaur udalean Nuria Altzaga Kultura ordezkariak eta Luis Mariano Elkarte Lirikoko ordezkariak.
Lau ekitaldiko operaren musika Giuseppe Verdirena da, eta libretoa Arrigo Boito italiarrarena, Shakespeareren Veneziako mairuan oinarrituta. Otello Verdiren azkenaurreko opera izan zen, eta Milango La Scala antzokian estreinatu zen 1887ko otsailaren 5ean.
Eszenako zuzendaria Alfonso De Filippisen izango da, eta Luis Mariano orkestrak “erronka musikal handi bati” aurre egin beharko diola aitortu dute, Aldo Salvagno maisuaren batutapean. Beste behin ere, produkzioa Associazione Amici per la Musica de Cuneo Italiako elkartearekin batera prestatu dute. François Ithurbidek zuzendutako Luis Mariano abesbatzarekin batera arituko da Donostia Opera Abesbatza, Jagoba Fadriquek zuzenduta.
Bestalde, aurrekari gisa Zinemako opera eskainiko dute azaroaren 7an, asteartearekin, 18:00etan, Otelloren bertsio batekin. Ohi moduan Amaia KZko hitzaldi aretoan egingo da eta sarrera doakoa izango da. Paquito Sagüés arduratuko da aurkezpenaz.
Operarako sarrerak salgai daude dagoeneko www.irun.org/entradas estekan eta Irungo Kolon pasealekuko Turismo Bulegoan. Prezioak ohikoak izango dira: 25 euro bazkideentzat, 32 euro bazkide ez direnentzat eta 10 euro 25 urtetik beherakoentzat.