Euskal instituzio ororen erabakitzeko zilegitasuna aldarrikatu du EH Bilduk
Udalaren bidez herritarren euskara babesteko eta bultzatzeko eskubidea defendatu du koalizio abertzaleak. Herritarrei dei egin die ere Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako manifestaziora.
Euskalgintzaren Kontseiluak larunbat honetarako antolatu du euskararen normalizazioaren aurkako azken epaien aurrean mobilizazioa eta Irungo EH Bilduk bere atxikimendua adierazi dio deiadarrari. Irundarrei bertan parte hartzeko eskatu diete ere.
Irungo EH Bilduk ez ezik, Irungo Elkarrekin eta EAJk bat egin dute mobilizazioarekin eta, gainera, euskararen aurkako azken epaiak gaitzesten dituen mozio bateratua aurkeztu zuten joan den ostiralean, “euskararekin duten konpromisoa berretsiz”.
Koalizio abertzaleak dio “kezkaz” bizi dituela normalizazioaren kontrako audientziaren azken ebazpenak, hizkuntza politikak guztiz mugatu dituelakoan. “Epai hauek oldarraldi judizial zabalago baten parte direla argudiatu dute, hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean kokatzen direnak”.
Oldarraldia kari euskal instituzio orok duen “erabakitzeko zilegitasuna” aldarrikatu du Mikel Mendibil EH Bilduko zinegotziak. “Euskaldunok, kasu honetan udalen bitartez, gurea den hizkuntza babesteko eta bultzatzeko eskubidea dugu”.
Gaineratu du “euskaraz bizi ahal izatean, euskara bizitzarako erreminta baliotsu bezala baloratzean, arnasguneetan eta hizkuntzaren erabilgarritasunean” daudela euskararen biziraupena eta indartzea. “Beraz, euskararen eta euskaldunen defentsan irmo jardungo dugula ozenki esan nahi dugu”.