Zuzendaritza organo berria dauka Irungo Podemos Ahal Duguk
Bozeramaile berria Enrique Martinez izango da eta Koordinazio Kontseilu berria osatuko dute Thania Pazos, Maria Valiente, Marian Garcia eta Txitxo Diazek.
Urriaren 25ean Irungo Podemos Ahal Duguk hauteskundeak egin zituen zuzendaritza organoa berritzeko. Bozketa horretan alderdiaren militanteek parte hartu zuten.
Boto bidez erabaki zuten, beraz, Enrique Martinez izango dela Irungo Podemoseko bozeramaile berria, eta bere hautagaitzaren parte direnek koordinazio kontseilua osatuko dute. Horiek dira: Thania Pazos, Maria Valiente, Marian Garcia eta Txitxo Diaz.
Hitza hartu zuen bozeramaile berriak eta “erronka honi aurre egiteko gai eta motibatuta” sentitzen dela adierazi zuen. Era berean, nabarmendu egin du koordinazio kontseiluko kideak militantzian esperientzia luzekoak direla eta Martinezek aurrerapausoa emateko emandako “babesa eta ausardia” eskertu die.
Helburu nagusia “gure jendea zaintzea” dela dio Martinezek eta, horretarako, “militantziak dituen eskaerei erantzuteko ibilbide orri bat eskaintzen duen proiektu bat” aurkeztu duela bere hautagaitzak adierazi zuen. Batzarrean, hautagaitzako kideez gain, militanteak ere mintzatu ziren eta alderdiaren datorren hilabeteetako bideari buruz aritu ziren.
Hautagaitzaren proiektuan, egoeraren analisi bat ondu dute, eta, horretan jaso dute, pertsonek parte hartzen dutela politikan Podemos Ahal Dugun “ahotsa” dutelako. “Horrela, taldeak ondorioztatu zuen beharrezkoa dela ekintzak eta bilerak egitea, pertsonek parte-hartze handiagoa izan dezaten”.
Koordinazio kontseilu berriaren proposamenak “kalea berreskuratu” nahi du, uste baitute aurreko agintaldian udal gobernuaren parte izanak “eragina galdu” duela alderdiak “gizarte zibilarekin, antolatuarekin edo antolatu gabearekin”. Kontseiluarentzat “funtsezko gaia” da eta hori lantzeko prest dira.
Martinezek alderdia osatzen duten pertsona guztiak “beharrezkoak” direla esan zuen, egoitzak “bizia izan eta funtziona” dezan. “Ez luke zentzurik izango hemen egotea edo Koordinazio Kontseiluaren parte izatea Podemos Ahal Dugu osatzen duten pertsonarik gabe”.
Azkenik, Martinezek eta bere taldeak eskerrak eman dizkiote Eukene Lopezi, alderdiaren aurreko bozeramaileari. “Aurrerapauso bat ematea inoiz bizi ez diren egoerei aurre egin behar diezunean, pandemia kasu, asko esaten du gure lankide Eukeneri buruz. Edonork nahiago izango zuen atzerapausoa eman. Eredu da guretzat”.