Palestina eta Israelen arteko "gertakarien harira" mozioa onartu dute PSE-EE, PP eta EAJk
Zortzi puntuko mozioan Israelen "babesteko eskubidea aitortzen" dute, besteak beste, "nazioarteko zuzenbidea" errespetatuz. EH Bildu eta Elkarrekin Irun kritiko agertu dira mozioarekin.
Iragan ostiralean osoko bilkura egin zen Irunen eta bi mozio aurkeztu ziren Palestina eta Israel ardatz dituztenak. Bata, Elkarrekin Podemos eta EH Bilduk batera aurkeztutakoa da, eta, bestea, PSE-EE, EAJ eta PPk aurkeztutakoa.
Bozketa egin zen eta hiru alderdiek idatzitakoa gailendu zen, EH Bilduren eta Elkarrekin Irunen kontrako bozekin. HITZAk onartutako mozioa lortu du eta lotura honetan irakur daiteke zortzi puntuko mozioa.
Israel eta Palestinaren arteko “gertakarien” gaineko irakurketa egiten dute hiru alderdiek mozioan, eta azken puntuan, udaletxeko balkoian bakearen usoa eta gerrarik ez, no a la guerra mezu elebiduna jartzea adostu dute. “Irungo hiriak bakearen eta giza eskubideen defentsaren alde duen konpromisoaren adierazgarri, edozein atentatu, gatazka edo gerraren aurrean”.
Kritikak
EH Bildu eta Elkarrekin Irun kritiko agertu dira onartutako mozioaren gainean. Oihana Briones EH Bilduren bozeramaileak adierazi du bi alderdiek aurkeztutako mozioan “urte asko iraun duen gatazka baten irakurketa” egiten dutela eta “ikuspegi globalago” bat eman diotela.
Udalbatzan onartutako mozioaren irakurketa orokortzat jo du abertzaleak eta auzia kokatzeko planteamenduari buruz dio ez dela “horrela planteatzeko momentua”. “Hor atzean sor daitezke ideiak justifikatu dezaketenak gertatzen ari den sarraskia”. Briones politikoki beste irakurketa batzuk egitearen alde agertu da “askoz sakonagoak” direnak eta haiek aurkeztutako mozioak “irakurketa zabal” bat egiten zuela dio “gatazka politikoarena”.
Udaletxearen balkoian gerrarik ez dioen mezua jartzearen gainean abertzaleak adierazi du “Palestinako bandera bada sinbolo askoz garbiago bat Irungo udaletxearen balkoian edo fatxadan. Posizio bat ere erakusten du, baina banderarena xehetasun bat da”.
Tokiko politika egiterakoan “gabeziak” dituztela “analisi globaletarako” azaldu du abertzaleak eta, hargatik, bandera baten bitartez babesa eta laguntasuna erakustea “inportantea” dela deritzo.
David Nuño Elkarrekin Irungo udal bozeramaileak ere kritika zorrotza egin du onartutako mozioari buruz. “Mozio hori deskafeinatua dago eta Elkarrekin Irunek eta EH Bildu Irunen osoko bilkuraren bezperan erregistratu zuten mozioan agertzen ziren elementu oso garrantzitsuak ezabatuta ditu”.
Udalbatzan onartutako mozioak “Israelek Palestinari erasotzeko zilegitasuna aitortzen dio eta NUñok deitoratu du hori aipatzea “gatazkaren jatorria ez ezagutzea” dela eta “Mendebaldeak eraikitako kontakizun ofizialak gidatzea, denborak aurrera egin ahala larriagotzen joan den liskar bat sinplifikatzeko”.
Mozioak “Palestinako populazioaren fokua desbideratzen” duela dio koalizio moreak “eta Palestinako herria da gehienbat sufritzen ari direnak”. Termino horietan “kontrako botoa” bakarrik eman zitekeela onartu izana deitoratu du Nuñok.
Gatazka honen aurrean ez dagoela “erdi beltzik” dio koalizio moreko bozeramaileak “gaitzespen indartsu bat soilik egin daiteke erabat desberdina den gatazkaren aurrean”. Gizarte zibila ari dela kalte ordaina jasotzen dio Elkarrekinek eta, kasu horietan, “edozein erakundek biztanleria zibilaren alde jarri behar du, eskura dituen tresnak ulertuz eta martxan jarriz”. Gaineratu du “gatazka honetako erasotzaileetako bat leuntzen duen edozein mozioak Elkarrekin Irunen gaitzespena” izango duela.
Palestinako bandera Irungo Udalean ez jartzea ezin dela justigikao “Hamasekin egin litezkeen balizko akatsekin” salatu du koalizio moreak, eta mahai gaineratu du Ukraina eta Errusiaren arteko gatazka hasi zenean inork ez zuela hori pentsatu Ukrainako banderarekin, “eta kolore urdina eta horia jarri dira”.
Amaitzeko, balizko okerrak onartzea “palestinarra terrorista” dela pentsatzea bezala dela gaitzetsi dute, “eta horretaz nahikoa dakigu Euskadin”.