Bonu Dendaren inbertsioa 20.000 euroan igotzea nahi du PSE-EEk
Sozialistek uste dute "ez dela nahikoa" gobernu taldeak kanpainari 30.000 euro esleitzeko egindako proposamena, eta 50.000 eskatu dituzte.
Azaroaren 8tik abenduaren 5era bitarte, Bonu Denda kanpaina izango da martxan Hondarribian. Saiakeraren helburua tokiko merkataritza jarduera indartzea da, eta Hondarribiko udal gobernuak erabaki du 30.000 euro bideratzea kanpainarako.
Bonu Dendari esker, aurreko edizioetan bezala, erabiltzaileek 10 euroko deskontua izango dute 30 euroko erosketa bakoitzeko. Deskontua dendan bertan eta erosketaren unean egingo da, aldez aurretik bonua eskuratu beharrik gabe.
Aipatu bezala, udalak 30.000 euro bideratu ditu kanpaina horretan parte hartzeko eskaera egin duten udalerriko 54 saltokientzat. Testuinguru horretan, Noemi Odriozola bozeramaile sozialistak esan du “kopuru eskasa” dela hori, kontuan hartuta sektorea egoera zailean dagoela, kontsumo ohituren eta inflazioagatiko prezioen gorakadaren ondorioz.
Odriozolak ahalegina handitu eta diru kopurua 20.000 euroan igotzeko eskatu dio Igor Enparan Abotsanitzeko alkateari: “Toki-administraziotik saltokiei babesa emateko unea dela uste dugu. Horregatik, sozialistok eskatzen dugu kanpaina honetara 50.000 euro bideratzea, eta, horrela, aurreko urteetako parametroetara hurbiltzea”.