Aurten ere, elkartasuna izango da garaile nagusia Beñat Elzon
Beñat Elzo mendi lasterketaren zortzigarren ekitaldia egingo dute bihar. 2013an zendutako Beñat Elzo gogoratzeaz gain, aurtengoak ere helburu solidarioa izango du.
Azaroaren 1a, Domu Santu Eguna izateaz gainera, festa eta aldarrikapen eguna ere bada Hondarribian. Elkartasunerako ezinbesteko eguna bilakatu dela erakutsiko du, beste urte batez, Beñat Elzo lasterketak. Bihar 10 urte beteko dira Beñat Elzo hondarribiar gaztea zendu zenetik, Talaia Bidean korrika zebilela. Hark hamaika bider zapaldutako bidea egingo dute bihar zientoka eta zientoka lasterkariek, merezi duen moduan gogoratuko dute berriro haren herrikide, lagun eta senideek.
Zortzigarren edizioa izango da aurtengoa, handia, urteekin lasterketak indarra hartu duela azaldu baitio hitzari antolatzaile lanetan dabilen Mikel Garciak. «Bospasei lagunen artean muntatzen dugun zirku txiki honek, lehen ediziotik beste forma bat hartu du, beste dimentsio bat, etengabe handituz joan da, oso pozik gaudela aitortu behar dut», dio, harro. Izan ere, azken urteetan erraz gainditu dute mila partaideen langa, aurten 1.300dik gora espero dituzte. Guzti horiek hiru lasterketatan banatuko dira. Mendi martxa egingo dute lehenik (09:00etan), gero mendi lasterketa (11:00etan), eta eguna biribiltzeko, familien paseotxoa egingo dute kai inguruan (12:30ean hasiko dute). «Saltsa potoloa muntatuko dugu portu inguruan, anima daitezela herritarrak!».
Lehia izango bada ere, lehen ekitalditik asmo nagusia «Beñat gogoratzea» izan dela erantsi du Garciak eta, horri lotuta, «arlo soziala edo kausa bati laguntza ematea» izan dutela asmo. «Lasterketa bat baino askoz ere gehiago da. Ez da korrikaldi bat soilik, festa handi bat da. Beñat gogoratzen dugu, baina jai giro txukun eta eder batean».
Hala, aurreko urteetako ohiturak mantenduz, gaixotasun arraroentzako dirua biltzen jarraitu nahi dute edizio honetan ere. Aurten ASE (Angelman Sindromearen Elkartea) elkarteak jasoko du bildutako diru guztia. «Antolaketa taldean badaukagu gertuko pertsona bat, familia bat gaixotasun honekin duguna zoritxarrez, eta indar guztiak eman nahi dizkiogu elkarte horri», gaineratu du hondarribiarrak.
Elkartasun olatua
Podiumak kirol kaian izango dira garaileen esperoan bihar, baina ez dira protagonista nagusiak izango, sari eta dominetatik harago baitoa azaroaren 1ekoa. «Noski korrikalarien artean lehia dagoela, haiek dira lasterketaren ikur, baina ehuneko handi-handi bat Beñaten oroimenez egiten den ekitaldi batean parte hartzeagatik apuntatzen da, solidarioa izateagatik», nabarmendu du Garciak.
Aletxoa «modu askotara» jar daitekeela esan du hondarribiarrak, korrika ez bada ere. Ekarpena egiteko modu asko daudela gaineratu nahi izan du, eta bide batez, eskertza mezua ere zabaldu du: «Ale pilo bat jasotzen ditugu. Hondarribiarrek, elkarteek, eragileek, komertzioek… Denek primeran erantzuten dute, indar asko ematen digute ekonomikoki. Guztiek presente dute Beñat eta denek gaixotasun arraroen kontrako kontzientzia hori lantzen dute, eta hori da garrantzitsuena».
Asteazkeneko hitzordu guztiak kontsultatzeko eta xehetasun gehiago izateko, bidasoa.hitza.eus atarira jo dezakete herritarrek.