EAJ, urriko osoko bilkuraz: "alkatearen benetako jarrera azaleratzen ari da"
Osteguneko plenoaren gaineko irakurketa egin dute jeltzaleek. Alkatearen jarrera salatu dute: "ikusten dugu zerbait bere gustukoa ez denean modu autoritarioan erantzuten duela".

Joan den osteguneko osoko bilkuraren gaineko irakurketa egin berri du EAJ taldeak. Beste gai askoren artean, EAJk “Ekialde Hurbileko egoera larria gaitzesteko” mozioa erregistratu zuen. Horrez gain, hirian egindako pintadak (Palestina aske bat aldarrikatzeko ekintza izan zen) garbitzeko eskaera ere egin zuten jeltzaleek. Abotsanitzek gai horren gainean eztabaidatzeko baldintza bat jarri zuela diote, honakoa: “gobernuak erregistratu zuen baina Udalbatzako beste inork ezagutzen ez zuen testu bat ere kontuan hartzea”.
“Xantaia horren aurrean” gaia berriro aztertu eta lantzea erabaki zuen EAJk, eta udal gobernuari gogorarazi nahi izan zioten “horma eta fatxada publikoetan egindako pintadak ez liratekeela onartu behar, eta horri buruz ezer ez egiteak herritarren artean gizalegearen aurkako jarrerak zabaltzea eragin dezakeela”.
Bestalde, osoko bilkuran onartutako txosten ekonomikoen berri ere eman zuen udalbatzak, eta jeltzaleek salatu dute Abotsanitzek oposizioan “oihua zeruan” jartzen zuela gai hauekin eta orain “naturaltasun harrigarriz” onartu eta azaltzen dituela.
Udal langileen soldata igoeran udal gobernu berriak izandako jarrera ere kritikatu dute, eta Abotsanitzen “zinismoa” salatu dute. “Harridura” adierazi dute, iaz oposizioan jeltzaleek proposatutako %3,5eko igoeraren kontra egin baitzuen Abotsanitzek, jeltzaleen arabera, “udal langileen erosteko ahalmena galtzen zutela azalduz”.
Udal eraikinak garbitzeko kontratuaren urtebeteko luzapenaren inguruan ere honakoa adierazi dute: “Jakin nahiko genuke zer esango zukeen Abotsanitzek oposizioan EAJk luzapen hori proposatu balu eta duela hilabete batzuk mobilizaziotan parte hartu zuen sindikatuaren erantzuna zein izango zatekeen”.
PSE-EEk memoria historikoari lotuta aurkeztutako hiru mozioen inguruko gogoeta ere egin du EAJk. Guztiak babestu zituzten jeltzaleek, eta garrantzitsutzat jo dute “memoriarekin lotutako gaiak lantzean jarraitzea, bai historikoa, bai gertukoena”. Era berean, beharrezkotzat jo dute “gure herrialdean azken hamarkadetan gertatukoaren balorazio kritikoa egitea aurrera egiten jarraitzeko”.
Mugikortasunarekin eta etxebizitzarekin lotutako eta onartutako bi proposamenetan ere fokua jarri dute jeltzaleek. Herritarrak kezkatzen dituen gaia dela diote, “eta are gehiago kezkatzen gaitu gobernu taldeak HAPOri buruz duen erabaki ezak, gai horietan aurrera egiteko funtsezko tresna baita”.
Azkenik, euskararen kontrako erasoak salatzeko Bilbon azaroaren 4rako antolatu den manifestaziora atxiki da udala, jeltzaleek egindako proposamenari esker. Abotsanitz eta EH Bilduk babestu zuten mozio hori.
Aipatutako guztiagatik Igor Enparan alkatearen “benetako jarrera azaleratzen ari dela” salatu nahi izan dute: “negoziatzeko bokazioa duen pertsona baten itxura izatetik, ikusten dugu zerbait bere gustukoa ez denean modu autoritarioan erantzuten duela”.