Aste honetan abiatuko du Emekik azaroaren 25arekin lotutako egitaraua
Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunari begira jarri dira dagoeneko Emekiko emakumeak eta udala. Denetik antolatu dute: hitzaldiak, kirol lehiak, tailerrak, mobilizazioak...
Emeki Emakume Elkartea datorren azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunari begira jarri da dagoeneko, eta data horren bueltan antolatu dutenaren berri eman dute. Agerraldia eskaini dute gaur elkartearen egoitzan taldeko Maria Jesus Berrotaranek, Tzane Carrillok, Tamara Sastrek eta Josu Peña zinegotziak.
Egitaraua aurkeztu aurretik, Peñak elkarteko emakumeak eskertu ditu “urte guztian zehar egiten dituzten ekintzengatik”, eta Hondarribian eragile “handia” dela nabarmendu nahi izan du.
Sastrek bestalde, honakoa adierazi du elkartearen izenean: “Kontziente gara azaroaren 25ean egiten diren aldarrikapenak ezin direla egun bakar batera mugatu, gaur egun oraindik ere emakumeok emakume izate hutsagatik diskriminatuak eta baztertuak izaten jarraitzen dugulako. Horregatik ezinbestekoa da indarkeria egoera hauek prebenitzeko eta biktimei babesa emateko baliabideak eta programak garatzeko politikak sustatzea. Emeki elkartetik lanean jarraituko dugu emakumeon ahalduntzea eta autonomia bultzatzen ahalbidetuko duten tailerrak eta formakuntzak bideratzen”, esan du gaurko aurkezpenean.
Egitarau oparo eta zabala prestatu dute aurtengo azaroaren 25aren harira. Aurreko urteetan bezala, egitarau hori hilabete osora zabaldu dute, taldeko Tzane Carrillok esan bezala, “ez baitugu egun bakar batera mugatu nahi borroka, egunero egin beharreko gauza bat baita”. Hala, ondorengoa da aste honetan abiatu eta azaroaren 25ean biribilduko duten egitarau osoa:
- Azaroak 2 (osteguna): Aurpegirik gabeko ahotsak. Emakume bidasotarrak II Errepublikan izeneko hitzaldia eskainiko du Mertxe Trantxe historialariak. Hondarribiko Kultur Etxean izango da, 19:00etan.
- Azaroak 8, 15 eta 29 (asteazkenak): Emakumea eta boterea izeneko hitzaldia eskainiko du Maria Jose Noainek, Emekiren elkartean bertan, 19:00etan.
- Azaroak 11 (larunbata): Bixi-Bixi Emakume Pala Topaketa jokatuko dute Soroetako pilotalekuan. 10:00etan hasiko dituzte partidak.
- Azaroak 20 (astelehena): Emakumezkoen Hondarribiko IV. Xake Ttopara egingo dute Kasino Zaharrean, Marlaxkaren laguntzarekin. 18:00etan hasiko da lehia.
- Azaroak 21 (asteartea): Irakurketa tailerra egingo dute liburutegian, 17:00etatik aurrera.
- Azaroak 23 (osteguna): Ni casadas, ni sepultadas. Alargunak: emakumezko erresistentziaren istorio bat liburuaz ariko dira Amaia Nausia Pimoulier idazlearekin. 19:00etan jarri dute hitzordua, Kultur Etxean.
- Azaroak 24 (ostirala): Sare morea osatuko dute herriko emakumeek Martxoak 8 plazan, 11:00etatik aurrera.
- Azaroak 24 (ostirala): Las buenas compañías filma proiektatuko dute Itsas Etxean, 19:00etan.
- Azaroak 25 (larunbata): Emakumeak Korrika lasterketa egingo dute, korrika zein oinez. 10:30ean abiatuko dira Emekiren elkartetik.
- Azaroak 25 (larunbata): Elkarretaratzea egingo dute Martxoak 8 plazan, 18:00etan.
- Azaroak 25 (larunbata): Baginaren bakarrizketak izeneko monologoa eskainiko dute Itsas Etxean, 19:00etan.