[Erreportajea] Eskualdeko euskalgintzako eragileek bat egin dute
Euskararen aurkako oldarraldiari erantzuteko Bilboko azaroaren 4ko manifestaziora joateko deia zabaldu dute Irun, Hondarribi eta Hendaiako eragileek. Autobusa antolatu dute bertaratzeko.
Azaroaren 4rako deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazioa Bilbon, azken urteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak euskararen normalizazioa helburu duten hainbat neurri gelditzeko eman dituen sententzien kontra. Manifestazioa Euskalduna jauregitik hasiko da, 17:00etan.
Oldarraldi honen aurrean, Bidasoko euskalgintzako eragileek bat egin dute. Eragile horiek honako hauek dira: Irungo AEK; Mintzaian Hendaiako Euskara Taldea; Betti Gotti Euskara Kultur Elkartea; Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunea; Blagan Hondarribiko Euskara Elkartea; eta Aitzondo Irungo Euskara Taldea.
Aste honetan egindako agerraldian, euskararen normalizazioaren aurkako lehenengo sententzia ekarri dute gogora, Irunen izandakoa, hain zuzen ere. 2021eko Irungo hamabi udaltzain lanpostuetarako deialdietan euskaraz jakiteko eskakizuna onartu zuen udalak, baina erabaki horren aurka salaketa jarri zuen CCOO sindikatuak. Auzitegiak sindikatuaren alde jo eta udalaren eskakizuna «diskriminatzailea» dela euskara ez dakitenentzat ebatzi zuen.
Ebazpen horren aurrean, Irungo Udalak helegitea jarri zuen baina hura ezetsi egin zuen auzitegiak 2022ko irailean. Idatziak legez bete beharreko exijentziarik ez zuela bete iritzi zuen auzitegiak. Hortaz, itxitzat eman zen auzibide hori eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzako Kontseiluak ebazpenaren gaineko kezka nabaria azaldu zuten. Gainera, Auzitegi Nagusiaren erabaki hura irmo deitoratu zuten Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, iritzita euskaldunek administrazioan arreta euskaraz jasotzeko eskubidea urratu zela eta epai «politikoa» zela.
«Ez dira sententzia isolatuak»
Irungo kasuaren ondoren, «beste asko etorri dira eta badirudi gehiago iritsi daitezkeela» gogoratu dute eskualdeko eragileek. Errealitate horren aurrean eta manifestazio deialdia ate joka dela, euskalgintzako eskualdeko eragileek indarrak batzea erabaki dute.
Irunen emandako sententziak bezalakoak ez direla sententzia «isolatuak» argi dute euskalgintzako eragileek eta azaldu dute botere judizialetik hizkuntza politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak murrizteko joera «gorakorra» dela; «oldarraldi bat», alegia.
Gainera, orain arte ateratako euskararen kontrako sententzia guztiek elementu komun bat dutela diote: «Gaztelaniaren nagusitasuna ezartzea herritarron hizkuntza eskubideen gainetik, eta, beraz, oinarrizko eskubideen kaltetan».Beraz, euskaldunen eskubideen kaltetan hartutako neurrien aurka, azaroaren 4eko manifestaziora joateko deia zabaldu diete «hizkuntza aniztasunean, justizian eta berdintasun sozialean sinesten» duten Irun, Hondarribi eta Hendaiako herritarrei.
Horregatik, tokian toki eta sektorez sektore, deia zabaltzeko eskatu dute baita ere. «Euskaraz bat izatera» ireki dute gonbita, «guztion indarra» behar delakoan herritar guztien eskubideen aldeko erantzun sendoa emateko.
Autobusa
Ibilbide bakarreko autobusa antolatu dute manifestaziora bertaratzeko. Hala, Hendaiatik irtengo dira (14:30, Santiago zubiko Philippe Roy okindegian); Irundik pasa (14:45ean Irungo San Juan plazako geltokian); eta azken geltokia Hondarribian egingo dute (15:00etan Ama Guadalupekoa ikastetxe pareko geltokian). Lekua hartzeko idatzi egin behar da irun@aek.eus helbide elektronikora edota deitu edo idatzi 688 74 66 33 telefono zenbakira. Prezioa 10 eta 12 euro artekoa izango da.