Bidasoa ertzeko "txoriak" protagonista, gaur, 'Kononi' film laburrean
Filmak Bidasoa ibaiaren inguruan bi pertsonek izango duten bideen gurutzaketa izango du ardatz. Amaia KZ hitzaldi aretoan da proiekzioa, gaur, 19:30ean.
Denboraldi honetako DokuIrun zikloa immigrazioaren presentziagatik nabarmentzen dela adierazi du udalak. Bada, iragan ostiralean Bidasoa 2018-2023 dokumentala estreinatu zen, eta gaurkoan, Kononi film laburraren txanda izango da, 19:30ean, Amaia KZ-ko hitzaldi aretoan.
Obraren egileak Mikel Galarza eta Cesare Maglioni dira, eta gidoilaria Ane Garcia Lopez hondarribiarra izan da. Bi zuzendariak bertan izango dira gaur, eta aurkezpen bat eskaintzeaz gain, mahai inguru bat egingo dute proiekzioaren ondoren. Jatorrizko hizkuntzan eskainiko dute filma, euskaraz eta bambaraz. Lanaren iraupena 19 minutukoa da eta sarrera doakoa izango da.
Kononi hitzak txoria esan nahi du eta zentzu metaforikoan erabiliko dute obraren egileek. Izan ere, Bidasoa ibaiaren ertzean ezagutu diren bi pertsonen topaketa du hizpide lanak.
“Kononi desberdinak elkarrekin topatzeari eta aitortzeari buruzko istorio hunkigarria da. Ordu batzuez, bi bide gurutzatuko dira: leku bati lotutako eta etsitako gizon bat, bizitza joaten ikustera ohitu dena; eta etorkin gazte bat, bere ametsa erdiesteko bizitza bera jokatzear dagoena. Ibai bat batzuentzat baino ez da muga, azalaren kolorearen arabera, eta ibai horren ertzean elkarrekin hitz batzuk trukatuko dituzte, euskaraz eta bambaraz, gizon bakartiak eta gazte kementsuak. Bakoitzak bestearen beldurrak eta esperantzak ezagutuko ditu, etorkina dudazko helmugarantz hegaldatu aurretik, ikusleentzako galdera bat utzita: zer ondorio dakartza egiten dugunak eta egiten ez dugunak?”