Ur bizitako piraguistek fin bukatu dute denboraldia
Sailkapenean hirugarren geratu da Santiagotarrak. Klara Olazabalen denboraldiko lana nabarmendu du taldeak eta, orain, Olinpiar Jokoei begira jarriko da.
Bukatu da Santiagotarrakeko ur bizietako kirolarientzat 2022-2023 denboraldia eta La Seu d’Urgellen asteburuan egin den azken txapelketan nabarmendu egin dira kategoria eta diziplina ezberdinetan. Gainera, talde gisara hirugarren postua lortu dute.
Taldeko 23 kirolari joan ziren eta horietatik 11 sartu ziren finalean. Banaka irten ziren horietatik bostek domina irabazi zuten. Gero, patruilen txanda izan zen eta horietan zortzi izan ziren parte hartu zutenak. Etxeko patruiletatik bost izan ziren podiumera igo zirenak.
Klara Olazabal piraguista irundarraren lana nabarmendu du taldeak, “sekulako garaipenak lortu zituen kanoako jaitsieretan”. Guztira, hiru garaipen lortu ditu Olazabalek, “bere trebetasun aparta erakutsiz”.
Ur bizietako piraguistek denboraldia amaitu duten arren, atsedenerako ez dute asti askorik, Gipuzkoako txapelketa gain-gainean dutelako, azaroaren 3an, hain zuzen ere. Horrez gain, Olazabalek jokalari olinpiko izan nahi du eta Parisera joateko plaza lortzeko selekzioko frogak gertu ditu berak ere.