Eskualdeko euskalgintzako eragileak bat, euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean
Euskararen aurkako oldarraldiari erantzuteko Bilboko azaroaren 4eko manifestaziora joateko deia zabaldu dute gaur Irun, Hondarribi eta Hendaiako euskalgintzako eragileek. Autobusa antolatu dute hiru herrietatik pasako dena.
Azaroaren 4erako deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazioa Bilbon, azken urteetan auzitegietatik euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten hainbat neurri gelditzeko sententzien kontra.
Oldarraldiaren aurrean, Bidasoko euskalgintzako eragileek bat egin dute. Eragile horiek honako hauek dira: Irungo AEK; Mintzaian Hendaiako Euskara Taldea; Betti Gotti Euskara Kultur Elkartea; Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunea; Blagan Hondarribiko Euskara Elkartea; eta Aitzondo Irungo Euskara Taldea.
Gaur egindako agerraldian, euskararen normalizazioaren aurkako lehenengotariko sententzia ekarri dute gogora, Irunen izandakoa, hain zuzen ere. 2021ean Irungo 12 udaltzain lanpostuetarako deialdietan euskaraz jakiteko eskakizuna onartu zuen udalak, baina erabaki horren aurka salaketa jarri zuen CCOO sindikatuak. Auzitegiak sindikatuaren alde jo eta udalaren eskakizuna “diskriminatzailea” dela euskara ez dakitenentzat ebatzi zuen.
Erabaki horren aurrean, Irungo Udalak helegitea jarri zuen baina ezetsi egin zuen hura auzitegiak 2022ko irailean. “Geroztik beste asko etorri dira eta badirudi gehiago iritsi daitezkeela”. Errealitate horren aurrean eta manifestazio deialdia ate joka dela, euskalgintzako eskualdeko eragileek bat egitea erabaki dutela adierazi dute.
Irunen emandako sententziak bezalakoak ez direla sententzia “isolatuak” argi dute euskalgintzako eragileek eta azaldu dute botere judizialetik hizkuntza politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza eskubideak murrizteko joera “gorakorra” dela, “oldarraldi bat”, alegia.
Gainera, orain arte ateratako euskararen kontrako sententzia guztiek elementu komun bat dutela diote: “gaztelaniaren nagusitasuna ezartzea herritarron hizkuntza eskubideen gainetik, eta, beraz, oinarrizko eskubideen kaltetan”.
“Oinarrizko eskubideen kaltetan” hartutako neurrien aurka, azaroaren 4eko manifestaziora joateko deia zabaldu diete “hizkuntza aniztasunean, justizian eta berdintasun sozialean sinesten” Irun, Hondarribi eta Hendaiako herritarrei.
Horregatik, tokian toki eta sektore sektore deia zabaltzeko eskatu dute ere. “Euskaraz bat izatera” ireki dute gonbita, “guztion indarra” behar delakoan herritar guztien eskubideen aldeko erantzun sendoa emateko.
Ibilbide bakarreko autobusak antolatu dituzte manifestaziora bertaratzeko. Hala, Hendaiatik irtengo dira, Irundik pasa eta azken geltokia Hondarribian egingo dute. Lekua hartzeko idatzi egin behar da Irun@aek.eus helbide elektronikora edota deitu edo idatzi 688 746 633 telefono zenbakira. Prezioa 10 eta 12 euro artekoa izango da. Hona hemen geltokiak:
- Hendaia: 14:30ean Santiago zubiko Philippe Roy okindegi pareko geltokian.
- Irun: 14:45ean Irungo San Juan plazako geltokian.
- Hondarribia: 15:00etan Ama Guadalupekoa pareko geltokian.
Bestalde, Irundik autobusa hartu nahi dutenek, izena eman dezakete Hazia Kultur Elkartean, Larragane ostatuan eta Aranaztarra ostatuan.