Euskararen kontrako azken epaiaren harira, testu bat onartzeko eskatu du EAJk
Bost puntu edo eskaera jasotzen dituen testu bat erregistratu berri dute udalean, udal gobernuak onartu dezan.
Euskararen kontrako azken epaiaren harira, EAJk proposamen bat egin berri dio udal gobernuari, testu bat onartu dezan. EAEko Auzitegi Nagusiak euskararen normalizazioaren kontrako azken epaia salatzeko testu bat idatzi dute jeltzaleek. 179/2019 Dekretuaren zati bat baliogabetu du epai horrek, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko legean (ETEL), aitortutako euskararen erabilera instituzionala eta administratiboa garatzeko.
Bada, “EUDELek egindako adierazpenari jarraituz”, Hondarribiko EAJk ondorengo bost puntuko testua (hitzez hitz) onartzeko eskatu dio udal gobernuari, dagoeneko udalean erregistratu dutena:
1. Hondarribiko Udalak ETELen defentsa egiten du, udal-autonomiaren eta toki-erakundeen eskumenen bermatzaile gisa, zehazki, euskararen esparruan. Legea ezinbestekoa da euskal udalek euskararekiko duten konpromisoa eta euskal udalerrietan euskararen erabileraren sustapena gauzatzeko, herritarrekin duten hurbiltasunetik abiatuta.
2. Hondarribiko Udalak uste du epa berri hori toki-autonomiaren aurkakoa dela, eta hizkuntza arloko udal-eskumenen garapen osoa mugatzen duela. Bereziki larritzat jotzen du euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu- eta lan-hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea. Funtsezko beste artikulu batzuk ere deuseztatzen dira, hala nola, kontratazio publikoan euskara baloratzeko aukera ematen dutenak edo udal- jarduerak euskaraz egin ahal izateko hizkuntza-plangintza ahalbidetzen dutenak. Alderdi horiek eta beste batzuk funtsezkoak dira herritarrek beren hurbileko administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza ofiziala aukeratzeko duten eskubidea bermatzeko.
3. Udalek hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezin ezartzea, ez barneko ezta kanpoko mailan ere, oztopo da toki-erakundeen funtzionamenduan eta, are kezkagarriagoa, euskal herritarrei ematen dizkieten zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko. Kaltetuenak euskara gehien erabiltzen den eta ohiko hizkuntza den udalerrietako herritarrak dira.
4. Adostasun politiko eta instituzionalak eta euskal gizartearen elkarlanak, euskal hiztunen komunitatearen bultzada borondateagatik, euskararen bizitasuna indartzea ahalbidetu du gure herri eta hirietan. Hondarribiko Udalak egungo egoera balioan jartzen du, estatuan eta Europan hizkuntza koofizialen erabilera errazteko urratsak egiten ari baitira, eta, hori horrela, guztion artean eraikitzen joan den legeriaren bidez, hizkuntza-eskubideen garapenean aurrera egiten jarraitzeko erronka eta aukera baita.
5. Hondarribiko Udalak berriro ere adierazi nahi du, Azaroaren 4an Euskalgintzako kontseiluak antolatutako mobilizazioarekin bat egiten duela.