BATeko Iker Ibarguren eta Hugo Vazquez, Zornotzako Kroseko podiumean
14 kirolarik ordezkatu dute Bidasoa Atletiko Taldea asteburuko lasterketan. Kros honekin hasiera eman diote Euskadiko Kros Ligari.
Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) zenbait lasterkari Zornotzan jokatutako krosean izan dira asteburu honetan, Euskadiko Kros Ligari hasiera eman diona. 14 kirolarik ordezkatu dute kluba, eta lan txukuna egin dute, bereziki Iker Ibargurenek eta Hugo Vazquezek. Izan ere, Ibargurenek 18 urte azpikoen kategorian hirugarren postuan bukatu du lasterketa eta Vazquez ere hirugarren izan da, 16 urte azpikoen kategorian. Ibargurenek 4.700 metroak 15:21ko denboran zeharkatu ditu; eta Vazquezek aldiz, zegozkion 2.700 metroak 8:50 minutuan egin ditu.
18 urte azpikoen kategorian klubeko Xabier Elortegik eta Adur Ugartemendiak ere parte hartu dute, baina ez dira horren fin ibili: 17. eta 35. postuan bukatu dute sailkapen orokorrean.
18 urte azpikoen nesken kategorian ere izan dira eskualdeko lasterkariak, Izaskun Sanzek egin du denbora onena: zazpigarren iritsi da helmugara, 19:29ko denbora egin du. Klubeko Lorea Cabezon iritsi da haren atzetik, eta Irati Erro 12. izan da.
Kategoria gazteenean, 16 urte azpikoen kategorian ere albiste ona izan da. Lukas Cabezon podiumetik oso gertu ibili da, baina azkenean laugarren postuarekin konformatu behar izan du. BATeko Julen Mendoza ere fin aritu da, seigarren postuan heldu da helmugara. Urko Ibarguren 11. izan da, Alai Cabello 13., Jon Casado 21., eta Telmo Elortegi 34. postuan iritsi da.
Adin nagusiko ordezkari bakarra Julen Casado izan da, 20 urtetik gorako kategorian aritu da. 14. postuan bukatu du lehia gazteak, 17 minutu eskaseko lasterketa egin ondoren.