«Zubia irekitzea zerbait politikoa da, zerbait adostu dute»
Pasa den astean iragarri zuten Irun eta Hendaia arteko Etorbidearen zubia zabalduko dutela urriaren 30ean. Irekitzearen trukean, polizia patruila gehiago ezarriko dituztela ere jakin da.
Bi egun ezberdinetan egin zen elkarrizketa hau. Lehena, urriaren 12an izan zen eta hurrengoa urriaren 13an, Frantziak alerta terrorista igo ondoren, irakasle bat hil zutela-eta Arras hirian.
Etorbidea zubia irekiko dutela urriaren 30ean iragarri dute. Irungo Harrera Sareak (IHS) nola hartu du berri hori?
Bazen garaia. Bazen ordua irekitzekoa, deitzen diotelako lotsaren zubia, eta lotsaren zubia zen. Ongi hartu dugu.
Zubia ireki bai, baina Irun eta Hendaia arteko zubian polizia patruila gehiago ezarriko dituzte. Espero zenuten?
Zubia irekitzea zerbait politikoa da, zerbait adostu dute. Polizia gehiago paratuko dutela jakin dugu, Frantziak ez du onartu behar migranteak bere estatuan sartzea. Horrek horrela segituko du. Suposatzen dugu jende gehiago etortzen baldin bada polizia gehiago paratuko dutela, kontrol gehiago egingo direla. Bagenekien hori horrela izango zela. Segituko du berdin, edo okerrago.
Irunera migrante gehiago etorriko direla aurreikusten duzue? Zein da aurreikusten duzuen egoera?
Uste dugu baietz. Guretzako beti termometroa izan dira Kanariar Uharteak, behintzat azken urteetan. Migranteak Kanariar Uharteetatik penintsulara bidaltzen dituztenean Irundik pasatzen ziren, pasatzen dira, eta pasatuko dira.
Daturik baduzu?
Kanariar Uharteetara milaka iritsi dira. Milaka. Urrian bakarrik 7.500 pertsona iritsi dira Lanzarote, Tenerife edota El Hierrora batez ere, eta 10 hilabete hauetan 23.000. Oraintxe bertan, [urriak 12an egindakoa da elkarrizketa] Helena Maleno kazetariak publikatu du 561 pertsona itsasoan daudela 10 pateratan banatuta. Iristen ari dira milaka. Suposatzen dugu gero hona etorriko direla. Dena susmoak dira, baina beste urteetan horrela izan denez, horrela izango dela uste dugu.
Urrira arte zenbat pertsona pasa dira IHStik?
Irailean 243 pertsona pasa dira. Eguneko bost pertsonakoa izan da batez bestekoa. Izan dira egunak inor ere etorri ez dela. Orain, urrian, gutxi gorabehera 15 pertsona iristen ari dira egunean. Nabaritu da jende gehiago iritsi dela penintsulara. Aldiz, uda lasaiagoa izan da, aurreko urtearekin alderatuz. Egia da jende gutxiago etorri dela, mugimendu gutxiago egon dela, baina irailean ja mugimendu gehiago nabaritu zen.
Migranteen jatorria aldatu da?
Profila berdina da. Joan den urtean nabaritu zen bat-batean mugimendu gehiago Sudanetik. Etorri zirenak ja ez ziren Boli Kosta, Ginea edo Malikoak, eta nabaritu zen Sudaneko jendea etortzen hasi zela. Orain, Senegalgo jendea mugitzen ari dela sumatzen da. Profilak ia berdinak dira, soilik batzuetan batzuk nabarmentzen direla.
IHSren eskakizunak zein dira orain?
Berdinak. Berdin segitzen dugu. Gure eskakizunak dira bide seguruak denontzat izatea, mugak irekitzea, eta jendeak edukitzea askatasuna mugitzeko. Betiko eskaerak dira.
Guretzat ez dugu deus eskatzen ja. Seigarren negua pasatzera goaz kanpoan, eta bost urte dira sarea sortu zenetik, justu urriaren 10ean bete ditugu bost urte. Seigarren negua San Juan plazan, hau da, kanpoan segitzen dugu, eta ez dakit nola, baina moldatzen gara dugunarekin eta listo. Lokaltxo bat beharko genuke, baina ez dugu eskatzen. Haientzako askatasunean zentratuta gaude.
[Urriak 13ko galdera] Zubiaren irekiera iragarri eta bi egunera Frantziak alerta terroristagatik zalantzan jarri du zubiaren irekiera.
Ez genuen entzuna. Frantziako hilketa gertatu zelarik [irakasle bat hil zuten Arras hirian, hilaren 13an] albisteak ikusi nituen, eta pentsatu nuen oso arrazoi ona edukiko zutela berriz ere nazioaren segurtasunaren izenean mugak ixteko. Eta, begira, astelehen goizean poliziaren kontrola zegoen Santiago zubian. Ziur aski yihadismoarekin erlazionatu dute eta aprobetxatu nahi izan dute, beste behin, dena zaku berean sartzeko.
Irekitzearen eskakizunean trantsitu librea dago oinarrian, baina Txingudi badiako biztanleentzat, edo baita ere migratzen ari direnentzat?
Inork ez du esan migranteak pasatzeko zabaldu behar denik. Gure bidea da aldarrikatu dena, zuriena, gu alde batetik bestera mugitzeko da, gu gara herrikoak. Zuriak.
Presioa egon da hori irekitzeko, ez zuelako zentzurik zubia itxita egoteak. Ireki zuten Frantziako Tourrerako, «jo zein itsusia hau itxita egotea kamaren aurrean» pentsatu zutelako. Ez dut uste migrazioarekin zerikusirik duenik.
Beldur zarete polizia gehiagorekin azkeneko urteetako heriotzak errepikatzea?
ai. Polizia gehiago paratzen badute eta jende gehiago etortzen bada, eta jende horrek ezin badu pasa zubia… 2021eko egoera horretara iritsiko al garen? Nik uste dut baietz. Beldur hori daukat. Bueltatuko gara berriro entzutera Bidasoa ibaitik pasatzen ari direla, edo mendi aldera joan direla… pasa, pasa behar dutelako. Alde batetik edo bestetik.
Zubia zabaltzea aurrerapauso bat izan daiteke, baina atzerapausoa ekar dezakeena.
Noski. Itxuraz aurrerapauso bat da, baina benetan, atzerantz joatea da. Ez dute onartu behar migranteak joatea Frantziara. Gainera, datorren urtean Parisko Olinpiar Jokoak dira, eta nire ustez garbiketa egingo dute. Parisen bada jende pila bat kalean bizi dena, milaka eta milaka, eta horrek kanpora begira ez du irudi ona ematen. Zerbait egingo dute, ziur.
‘Garbitze politiken’ aurrekariak badaude, Bartzelonako 1992ko Olinpiar Jokoetakoa adibidez.
Halaxe da. Badakigu nola funtzionatzen duten horiek. Garbiketa bat egingo dute eta ez dute utziko jende gehiago hara joaten.
Adi egongo zarete?
Bai. Hemen egongo gara. Ez nuke nahi iristea berriro hildakoen albisterik. Bederatzi hildako ditugu, eta ez nuke nahi 20 edo 25 izatea. Hau hilerria izaterik ez dut nahi. Bidasora joaten dira eta Fermin Muguruzaren filmean argi esaten da ibaiak ez duela hiltzen, politika arrazistek hiltzen dutela. Eta politika horiek martxan badaude, eta mugaren alde batetik bestera joateko modua ibaia bada, ibaian itoko dira.