Lakaxita «espazio segurua» izateko prozesua hasiko dute
Gaztetxeak «genero eta botere rolak» lantzeko prozesu bat abiatuko du, eta gune askean ibiltzen direnei dei egin diete parte hartzera. Hiru hilabetez itxita egon eta gero, igandean berrireki zuten berriz ere.
Lakaxita gaztetxea itxita izan da uztailaren 7tik pasa den igandera arte, bortxaketa bat izan zelako bertan San Fermin eguneko gauean. Eraso sexuala gertatu bezain pronto gaztetxeko kideek argi zuten espazioaren atakak itxita segi behar zuela, «espazioa segurua» izan arte, hala gogorarazi du Aitziber Arruabarrena asanbladako kideak. Erabaki horrez gain, erasoaren gauean zeuden asanbladako kideak eta haien inguruko lagunak gertaeragatik jota gelditu ziren: terapia kutsua duen bilkura itxiak egin zituzten. «Zaintza erdigunean jarri genuen».
Bien bitartean, paraleloki, gaztetxeko asanblada ere bildu zen, eta «intentsitate handiko» bortxaketa bat gertatu zela eta gaztetxeko programazioa etenda egongo zela iragartzea erabaki zuten. Horretarako, elkarretaratze bat egin zuten uztailaren 22an San Juan plazan. «Emakumeak erasotu, drogatu eta bortxatu gabe ibiltzen ez badakizu, gelditu etxean», oihukatu zuten.
Asanbladak onartu egin zuen «erasotzaileak gure artean» zituztela. Hartara, Lakaxitak barne hausnarketa bat hasiko zuela iragarri zuen, «gure benetako gune askea birpentsatzeko».
Prozesua
Ateak itxita, inoiz baino gehiago barrura begira, Joxemi Zumalabe Fundazioarekin harremanetan jarri ziren, eta asanbladak haiek zituzten beharrak helarazi zizkien. «Ez dela espazio segurua esan genien eta, maskulinitatea, genero eta botere rolak landu behar ditugula ere bai», adierazi du Arruabarrenak. Sexu erasoak prebenitzeko eta haiei erantzuteko protokoloa sortzeko laguntza eskatu diete aldi berean: «Horiek gertatzen badira momentuan erantzuten jakiteko, biktima babesgabe utzi gabe eta erasotzailea inolako albo kalterik gabe joan ez dadin».
Horretarako, fundazioarekin prozesu bat abiatzea erabaki du asanbladak, baina gaztetxearen bueltan ibiltzen den guztiei zabalik dago. «Gure ingurukoekin lanketa egitea interesatzen zaigu, denak garelako gaztetxearen parte, asanbladan egon ala ez», zehaztu du Arruabarrenak. «Pertsonalki ere onuragarria izango da, ziur. Asko ikasiko dugu denok. Gonbita luzatu nahi diot interesa duen edonori».
Lau saio egingo dituzte, eta lehenengo biak ez mistoak izango dira. Elkartze lekua gaztetxea bera izango da, hiru orduko topaguneak izango dira, eta guztiz doakoa da parte hartzea. Lehenbizikoa azaroaren 12an izango da, 10:00etan gizonezkoentzat eta 16:00etan emakumezkoentzat. Bigarrena abenduaren 16rako prestatu dute, 10:00etan gizonezkoentzat eta 16:00etan emakumezkoentzat. Hurrengo bi saioak mistoak izango dira, eta oraindik ez dute daten berri eman. Izena emateko sare sozialetatik jar daitezke gaztetxearekin harremanetan.
Berrirekiera
Hiru hilabete pasa dira erasotik, eta pasa den igandean gaztetxea berrirekitzeko mendaria egitea erabaki zuten. Ez dute «deus gertatu izan ez balitz bezala» ireki, eta oraingoz programazioa martxan jartzea erabaki badute ere, itxiera ordutegiarekin zorrotzak izango dira.
Bestalde, irekieran lorategiaren okupazioaren parte den San Migelgo familia batek urtebetetze handi bat antolatu zuen, eta bertaratu ziren guztiek bat egin zuten haiekin, «janaria partekatu genuen, musika… oso giro ona egon zen». Sintonia onarekin segitu nahi dute.