Justo: "Mailako faboritoetako bat izango dugu aurrean"
Real Unionek sailkapenaren bigarren postuan den eta aurtengo sasoian galdu gabe den Ponferradina jasoko du igandean Galen, 16:00etan. Txuri-beltzek etxeko bosgarren garaipena jarraian nahi dute.
Real Unionek bere mailako talde indartsuenetako baten aurka jokatuko du igande honetan Galen, 16:00etatik aurrera. Ponferradina da Irun bisitatuko duen taldea. Bi taldeak une gozoa bizitzen ari dira, eta sailkapenaren goiko postuetan daude. Ponferradina bigarren da 16 punturekin, eta txuri-beltzak hirugarren postuan dira, 15 punturekin. Biek ala biek jarraipena eman nahi diote daramaten bolada onari. Real Unionek etxeko partida guztiak irabazi ditu, gotorleku bihurtu du Gal, eta Ponferradina galdu gabe da aurtengo sasoian. Partida handia espero da.
Ponferradako (Leon) taldea mailako “faboritoetako” bat dela aitortu du Fran Justo prestatzaileak, eta aurtengo sasoian partidarik galdu gabe iritsiko da Galera. Neurketa “parekatua” aurreikusi du Justok: “Badakigu faboritoetako bat datorrela, galdu ez duen talde bat, baina badaki Real Unionek lau partidak irabazi dituen estadio batera datorrela. Denboraldi honetan ere gauzak ondo egiten ari garen taldea gara. Ziur bi talde onen arteko partida polita izango dugula, neurketa parekatua eta maila honetako guztiak bezala xehetasun txikietan egongo da. Espero dut ematen ari garen maila hori ematea eta bostetik bost lortzea Galen, oso garrantzitsua izango litzatekeena”.
Sailkapenean hirugarren postuan izan arren, sailkapenak “zirkunstantzialak” direla dio prestatzaile galiziarrak, eta etxeko bosgarren garaipena jarraian lortu nahi badute partida “ona” egin beharko dutela ziur da: “Sailkapenak zirkunstantzialak dira, daramagun puntuazioak begiratu behar ditugu. Baina guk gure bidea egin behar dugu. Igandean oso partida ona egin behar dugu. Real Union animatzera jende asko etortzea espero dut, behar ditugu, jakinda Real Unionen urtea Galetik pasatzen dela. Mailako faboritoetako bat izango dugu aurrean”.
Ponferradina puntako aurkaria bada ere, Justok onartu du Real Unionen maila dela “gehien” kezkatzen diona: “Real Unionen maila da gehien kezkatzen nauena. Guk lortzen badugu gure maila egotea eta gauzak ondo egitea ziur Ponferradinak maila okerragoa emango duela. Partida deseroso bat planteatzen saiatuko gara, jokoaren uneak eta faseak ondo kudeatzen eta exijentzia eta kontzentrazio mailari eusten, horrela bakarrik izango baitugu aurkari handi bat garaitzeko aukera”.