[Erreportajea] Taldean entrenatzen
Bidasoa Atletiko taldeak eta Fortuna elkarteak taldean entrenatzeko proiektu bat jarri dute martxan: Biziki. Atletismoa ardatz hartuta, astean bi aldiz elkartzen dira, kirola egin eta taldekideekin egoteko.
Gipuzkoako Hitza-n argitaratutako erreportajea da.
Taldean entrenatzea; talde mistoetan aritzea; lehentasuna emakumeei ematea… Bidasoa Atletiko taldeak (BAT) eta Behobia-Donostia lasterketaren antolatzaile den Donostiako Fortuna kirol elkarteak Biziki egitasmoa jarri dute martxan, elkarlanean. Atletismoa ardatz hartuta, 14 urtetik gorakoentzat pentsatua da egitasmoa, eta entrenatzaile baten gidaritzapean egingo dituzte saio guztiak. Susana Ruiz errenteriarra da saio horien arduraduna; hark kudeatuko du proiektuaren egunerokoa.
Irunen, Errenterian eta Donostian osatu dituzte taldeak jada, eta martxan da proiektua. Parte hartzaileek ordubeteko bi saio egiten dituzte astean. Entrenamenduak, ordea, ez dituzte hiru herri horietara mugatu nahi. Ibon Muñoz BATeko kudeatzaile eta kirol zuzendariak jakinarazi du Pasai Donibanen saiakera egin dutela taldea osatzeko, baina oraindik ez dutela jende nahikoa bildu —taldea sortzeko sei pertsona behar dira, gutxienez—. Horrez gain, Oiartzungo Udalaren erantzunaren zain daudela ere adierazi du, eta Tolosakoan ere izan direla. Tolosan egitasmoa “begi onez” ikusi dutela aurreratu du Muñozek, eta argi utzi du Gipuzkoa osora zabalik dagoela proiektua.
Atletismo eskolen eragina
Talde entrenamendu horiek “kirola egin nahi duen ororentzat” dira egokiak, baina Muñozek nabarmendu du emakumeengan jarri dutela arreta: “Kirol arloan, emakumeen sedentarismoa gizonena baino handiagoa da. Emakumeek egunero ariketa fisikoa egin dezaten nahi dugu, eta mota honetako saioekin anima daitezkeela uste dugu”.
Biziki egitasmoa ez dute ezerezetik sortu. BATek Helduak sasoian jartzea programa jarri zuen martxan duela zenbait urte. “Atletismo eskolako taldeak dauzkagu guk, eta ikusten genuen haurren gurasoak entrenamenduak ikusten geratzen zirela”, hasi du azalpena Muñozek. “Hori dela eta, guraso horiei begirako taldeak sortu genituen, seme-alabek atletismoa egiten zuten bitartean haiek ere kirola egiteko aukera izan zezaten”. Horrez gain, atletismo eskolatik eta infantiletatik igaro ondoren federatu nahi ez zuten baina BATen jarraitu nahi zuten gazteak ere bazeuzkatela azaldu du BATeko kudeatzaileak. “Lehiatu gabe entrenatzen jarraitu nahi zuten horiek”.
BATek bi behar horietatik abiatuta ondu zituen talde entrenamenduak, eta Fortunak saio horiek beste herri batzuetara zabaltzea proposatu zien bidasoarrei, klubetik kanpo ere entrenamendu horiek egin ahal izateko. Hedatze horren emaitza da Biziki.
Talde entrenamenduek, gainera, “onura bikoitza” dutela nabarmendu du Muñozek: ariketa fisikoa egitea eta sozializatzea. “Biziki-rekin ariketa fisikoa egiteko ohitura hartzea da helburua. Jendea motibatu nahi dugu kirola praktika dezan”. Horrez gain, “osagarri soziala” ere badu proiektuak, ariketa fisikoa “jendearekin” egiten baita Biziki-ri esker. “Jarduerak ez dira bakarrik egiten, konpainian baizik. Uste dugu jendearekin aritzea dela proiektuaren arrakasta. Motibagarriagoa da jendearekin aritzea, taldeak berak entrenatzera joatea behartzen baitzaitu”.
Asteroko bi entrenamendu saioak ez dira norbere herrian soilik egiten, Biziki-ren barruan dauden taldeek topaketak egiten baitituzte hilabetean behin, elkarrekin. Urriaren 26an egingo dute hurrengo saioa, ostegunean, Donostian, Kontxako hondartzan, 19:00etan. Topaketatik topaketara, gainera, kokalekua aldatu egingo dutela zehaztu du BATeko kideak. Saio horien ondoren, meriendatxo bat ere egiten dute, “jendea elkarrekin egoteko”. Hiru hilabetez behin, formaziorako hitzaldiak ere antolatuko dituzte, taldeetan sortutako interesetatik abiatuta.
“Giro ona” taldeetan
Biziki-k “onespen handia” izan duela nabarmendu du Muñozek: ehun pertsonatik gora ari dira jada taldean entrenatzen, eta une oro eman daiteke izena proiektuan. “Jendea pozik dago; giro ona dute, eta uste dugu proiektuak lotu egin dituela”. Entrenamenduen sustapenean eragin nahi dute orain.