Emakumeen Etxeak bihar irekiko ditu ateak
Istillaga plazan kokatua dagoen gunea bihar inauguratuko da ofizialki. Eguna berezia izatea nahi dute, eta dantza emanaldiak, musika, bisita gidatuak eta hamaiketakoa prestatu dituzte bertaratzen direnentzako. Ekitaldia 12:00etan hasiko da.
Irungo Emakumeen Etxea bihar irekiko da ofizialki. Gune hori Istillaga plazako 8. zenbakian dago kokatuta, eta erreferentziazko espazio feminista eta aurrez aurreko bileretarako topagune bihurtu nahi dute.
Biharko eguna “berezia” izatea nahi dute. 12:00etan, Kemen Dantza Taldeak agurra egingo du eta Maria Martin Campos abeslari irundarrak emanaldi bat eskainiko du. Jose Antonio Santano alkatea eta Irungo Emakumeen Etxeko Elkarteko ordezkariak ere ekitaldian izango dira.
Ondoren, bisita gidatu bat egingo dute irailetik Irungo emakume guztien eskura dauden instalazio eta zerbitzuak erakusteko. Ekitaldia 13:00etan bukatuko da Maider eta Leire biolin jotzaileen emanaldiarekin. Bertaratzen direnek mokadutxo bat jateko aukera ere izango dute.
Emakumeen Etxea
Irungo Udalak adierazi du Emakumeen Etxea sortzeko proiektua 2020an jaio zela partaidetza prozesu baten bidez, eta udalak eta Irungo Emakumeen Elkarteak ekipamendua elkarrekin kudeatzeko hitzarmen bat sinatuta bukatu da. Etxea sortzea Irungo IV. Berdintasun Planaren helburuetako bat zela zehaztu du udal erakundeak.
Emakumearen Etxearen helburua da hiriko emakume guztiak elkartu, biltzeko eta elkarrekin hausnartzeko gune bihurtzea, emakumeen ahalduntzea sustatzen duten politika, programa eta proiektuetan eragiteko, eta gizarte berdinzaleago bat eraikitzeko bidean aurrera egiteko.
Inaugurazio ofizialaren esparruan, etxea ezagutarazteko komunikazio kanpaina bat martxan jarri dutela jakinarazi du udalak. Missbermi artistak irudi berri bat sortu du, jatorri, adin edota lanbide ezberdinetako emakumeak ageri dituena eta laster hainbat euskarritan jarriko dena. Izan ere, hori da proiektuaren xede nagusietako bat: Irungo Emakumeen Etxea emakume guztientzako gune gisa agerraraztea.
Gunea astelehenetik ostiralera dago zabalik, 09:30etik 12:30era eta 16:00etatik 20:00etara.
Zerbitzu eta baliabideak
Honakoak dira Emakumeen Etxeak hiriko emakume guztien eskura jarriko dituen zerbitzu eta baliabideak:
- Iguálate: Zaintzaren eta etxeko lanen sektorean lan egiten duten emakumeei begirakoa da, eta ikasketen homologazioari eta prestakuntza ibilbideei buruzko informazioa eta aholkuak ematea du helburu. Hileko azken astearteetan emango da, 16:00etatik 20:00etara.
- Emakumeei lege aholkuak emateko zerbitzuak: Informazio eta lege aholku espezializatuak emango zaizkie emakumeei honako gaien inguruan: familia zuzenbidea; lan arloko zuzenbidea; atzerritartasuna; zigor zuzenbidea; izapideak egiteko lege aholkuak; eta genero arrazoiengatik bere esparrukotzat jotzen den beste edozein gairi buruzko lege aholkuak. Astelehenero egongo da martxan, 16:00etatik 18:00etara.
- Sexu gaiei buruzko aholkuak emateko zerbitzua: 25 urtetik gorako emakumeei sexu gaiei buruzko orientazioa eta aholkuak emateko sortu da, eta bi astean behin emango da, astelehenetan, 17:00etatik 18:00etara.
- Garaitu: Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzu publiko bat da, eta Irungo eta eskualde osoko emakumeei indarkeria matxistaren eta sexu erasoen aurkako laguntza psikosozial, sozioedukatibo eta soziojuridikoa ematea du helburu.
- Ahalduntze eskola: Urritik 2024ko otsailera bitartean, emakumeek jarduera programa zabal eta erakargarri bat izango dute eskura Emakumeen Etxearen sarrerako instalazioetan. Izen-emateak itxita daude, baina Berdintasun arloko arduradunek adierazi dute 2024ko lehen hilabeteetan ikastaro berriak argitaratuko dituztela, 2024ko otsailetik ekainera bitartekoak.