Elkarrekinek Emakumeen Etxeak "espiritu parte-hartzaile, plural eta zabala" izaten segitzea nahi du
Bihar irekiko ditu ofizialki ateak Emakumeen Etxeak eta horren atarian irakurketa egin du koalizio moreak.
Elkarrekin Irunek Emakumearen Etxearen irekiera ofiziala gainean delarik, adierazpen bat egin du oinarrian izanda “albiste bikaina” dela Irunentzat etxearen irekiera. Proiektua hiriko “mugimendu feministaren beharretik” sortutakoa dela azaldu dute eta pandemia garaian horretan lanean segitu dutela oroitu dute. “Geunden egoeran ere, uste genuen Emakumeen Etxearen proiektua ezin zela eten. Lehentasunezko gobernu-akordioaren zati bat zen”.
Proiektua garatzeko erari buruz David Nuñok dio “onuragarria” izan dela eta, ondorioz, udalari “ihes egiten din errealitatera egokitutako zerbitzuak” eskainiko dira bertan. Horietako batzuk aipatu ditu eta horien gaineko xehetasunak lotura honetan daude.
Udalaren eta etxea kudeatuko duen elkartearen arteko hitzarmena ere hizpide izan dute eta diote, alde batetik, proiektuari “egonkortasuna eta sendotasuna” emango dizkiola. Bestetik, erabiltzaileen eta bazkideen ahotsak berme direla dio Nuñok, “norabidea markatuko” dutelakoan.
Horrez gain, hitzarmenak bi aldeek elkarlanean lan egiteko borondatea erakusten duela dio alderdi moreak. Segidan, eskerrak eman ditu Nuñok proiektuaren garapenean inplikatu diren pertsona guztien lanagatik. Miren Etxebeste Berdintasun zinegotzi ohia nabarmendu du ere, bera nabarmentzea “justiziazkoa” dela iritzita. “Bera gabe zitekeena da Emakumeen Etxearen irekiera ospatzen ez egotea”.
Irekierak eta hitzarmenak hasierako puntua markatzen duela diote, eta ez amaierakoa. Oraindik lanean segitu behar dela dio Elakrrekinek, “Emakumeen Etxea aktibitatez hornitzeko” eta horien erabilera egin nahi dutenek, erabil dezaten.
Azkenik, orain arte lan egiteko moduari eustea nahi du Nuñok: “orain arte proiektu osoak izan duen espiritu parte-hartzaile, plural eta zabalak indarrean jarraitzea eta gobernu-talde berriak mugimendu feministak eta berdintasunaren defentsak eskatzen duten mailan egotea”.