EAJk irundarrek etxebizitza duin bat eskuratzeko neurriak proposatu ditu
Alderdi jeltzaleak nabarmendu du Irun ez dagoela etxebizitza eskuratzeko sortu den krisitik kanpo, eta bi neurri zehatz proposatu ditu alokairuko etxebizitzen eskaintza sustatzeko asmoz.
Irungo EAJk irundar gehiagok etxebizitza duin bat eskuratzeko neurri zehatzak proposatu ditu. Alderdi jeltzaleak nabarmendu du Irun ez dagoela “etxebizitza eskuratzeko sortu den krisitik kanpo”. Alokairuen prezioek “pertsona asko beren jaioterritik kanpo etxebizitza bilatzera edo etxebizitza partekatzera behartzen” dituztela adierazi dute.
Hirian dagoen eskariari aurre egiteko, alokairuko etxebizitzen eskaintza “oso eskasa” dela zehaztu du EAJk. Hori dela eta, Irunen prezioak “etengabe gorantz” doazela esan dute, eta “hilean 900 euroko batez besteko errenta gainditzen” dutela jakinarazi dute. Prezio horiek herritar askorentzat “eskuraezinak” direla adierazi dute. Halaber, Irunen babes publikoko, alokairuko edo salmentako etxebizitza bat eskuratzeko izena eman dutenen zerrenda luzea dela baietsi du alderdi jeltzaleak, “Irungo gazte eta familia askok bizi duten arazoaren adierazle”.
Hiriko EAJren esanetan, “eskaintzaren eta eskariaren arteko desorekaren dimentsioek gainditu egiten dute administrazioek etxebizitza publikoa eraikiz eta sustatuz soilik aurre egiteko duten gaitasuna”. Hori dela eta, alderdi jeltzaleari “ezinbestekoa” iruditzen zaio hirian dauden “etxebizitza pribatuak alokairuaren merkatuan sartzera sustatzea”. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Bizigune programa abiatu duela nabarmendu dute. Programa horrek etxebizitza pribatuak eskuratzen ditu, ondoren prezio tasatu bateko alokairuan jartzeko, “jabeari bermeak eta egonkortasuna” eskainiz.
Horren harrira, eta Irunen alokairuko etxebizitzen eskaintza sustatzeko asmoz, EAJk bi aldaketa proposatu ditu ordenantza fiskalean:
- OHZn hutsik dauden etxebizitzei aplikatzen zaien errekargua %150eraino igotzea, indarrean dagoen Foru Arauak baimentzen duen gehienezkoa bezala. Hori bai, errekargu hori aplikatzetik salbuetsita egongo dira ordenantzan jasotako baldintza batzuk betetzen dituzten bizitegi erabilerako etxebizitza hutsak.
- Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programari heltzen dioten etxebizitzei aplikatu beharreko OHZren hobaria handitzea, egungo %50etik %90era.
Azkenik, EAJk kontziente da neurri horiek “eragin mugatua” dutela eta ez dutela “Irunen dagoen bizitegi premiaren arazoa osorik konponduko”, baina “nabarmen” lagun dezakeela uste dute. Beren asmoa da “merkatuan etxebizitza gehiago” sartzea, “irundarrek etxebizitza duin eta egoki bat” eskuratzeko aukera izateko. Izan ere, “etxebizitza oinarrizko betebehar eta eskubide bat da”.