Emakumeok Mugimenduan APPa aurkeztuko du herrian Txita Ibiltariak
"Emakumeen aktibotasuna sustatzeko" asmoa duen APPa aurkeztuko diete hondarribiarrei bihar, goiz zein arratsaldez.
Aldundiaren Emakumeok Mugimenduan egitasmoak geldialditxoa egingo du Hondarribian bihar (hilak 20). Lurraldeko 21 udalerritan egiten ari diren bira honen barruan, emakumeen aktibotasuna sustatzeko sortutako APPa aurkeztuko dute herrian, “aplikazioa ezagutarazteko eta herritarrei hurbiltzeko asmoz”. Hala, Txita Ibiltaria (horrela deitzen diote egitasmorako erabiltzen duten bizikleta berezia) herriko kaleetan ibiliko da. Bi dinamizatzaile ariko dira informazioa ematen, 10:30etik 13:30era eta 15:30etik 18:30era.
APP honek bi helburu nagusi dituela azaldu dute aldundiko iturriek: “Gipuzkoako emakumeei egunerokoan egiten duten jarduera fisikoa erregistratzeko aukera eskaintzea eta mugimenduarekin bat egiten duten emakumeen sarea eratzea”. Helburu horiek lortzeko zenbait baliabide eskaintzen ditu aplikazioak: jardueraren erregistroa, agenda nola kudeatu, jarduerak egiteko gomendioak, bestelako emakumeen testigantzak partekatzeko aukera…
2021ean abiatu zuen egitasmoa aldundiak. 18 eta 64 urte arteko emakumeen aisialdiko jarduera fisikoa eta kirol ohiturak neurtzeko ikerketa egin zuten orduan, ia 4.000 emakumek erantzun galdetegi bat erantzun zuten. Honen arabera, 3 emakumetik 1 ez da aktiboa, astean 120 minutu baino gutxiago egiten baitu kirola. Errealitate horren aurrean aktibatu zuten egitasmoa, “emakumeak ahalduntzeko, aktibotasun hori bistarazteko eta laguntzeko dinamikak, proiektuak eta egitasmoak sortzeko”.