Bularreko minbiziaren kontrako adierazpena sinatu dute ia talde guztiek
EAJ izan da adierazpena sinatu ez duen alderdi bakarra. Abotsanitz, PSE-EEk eta EH Bildu taldeek babestu dute.
Gaurko bularreko minbiziaren kontrako nazioarteko Egunaren harira, Hondarribiko Udalean ordezkaritza duten ia talde guztiek adierazpen bateratuta kaleratu dute. EAJ izan da babestu ez duen bakarra.
Honakoa da, hitzez hitz, Abotsanitz, PSE-EEk eta EH Bildu taldeek elkarrekin egindako irakurketa:
Minbizia pandemia bat da. Ez da arazo indibiduala, gaixoen istorioak indibidualak dira, baina gaixotasun hau arazo kolektiboa da, gizarte osoarena. Inor ez dago salbu. Bularreko minbiziaren zifrek Osasun Publikoko krisi baten aurrean gaudela esaten digute. Urtean 35.000 bularreko minbizi kasu berri baino gehiago diagnostikatzen dira Estatu Espainiarrean. 8 emakumetik batek bularreko minbizia garatuko du bizitzan zehar. Urtean 6.528 emakume hiltzen dira bularreko minbiziaren ondorioz Espainiar Estatuan.
Pasa den mendeko ´90 hamarkada ezkero, lazo arrosa da egun honen ikur. Izaera aldarrikatzailearekin sortua, instituzioei gaixotasunari aurre egiteko ikerketa gehiago eta baliabide gehiago eskatzea zuen helburu, gaixotasunaren errealitateari ikusgarritasuna ematea.
Enpresa batzuek beren produktuak edo zerbitzuak sustatzeko erabiltzen dute irudi arrosa. Diru-kopuru handiak biltzen dituzten ekitaldiak eta ikuskizunak babesten dira, eta zati txiki bat bakarrik bideratzen da bularreko minbiziari buruzko ikerketara edo bularreko minbiziaren tratamenduan laguntza eskaintzera.
Zoritxarrez, milioika emakumerentzat bularreko minbizia ez da Arrosa, diagnostikoa iristen denean aurre egin behar zaion amildegia baizik. Ez dute laguntzen, ez egun honetako jai-giroak, ez nonahi ikusten diren zinta arrosek, ez minbiziak jotako paziente eta gaixoen erantzukizunean oinarritutako kanpainek.
Premiazkoa da gaixotasuna hobeto ulertzea eta gehiago ikertzea, tratamendu hobeak garatzeko. Bularra ukitzea edo bizimodu osasuntsua izatea gaixoen gain erantzukizuna jartzea da. Premiazkoa da gobernuari inbertsio gehiago eskatzea ikerketan eta tratamendu berritzaileetan. Arreta handiagoa jarri behar zaie bazterretako emakumeei, gaixotasun-osteari eta Bularreko Minbizi Metastasikoari, azken hauek beren eguna sortu behar izan baitute inork entzuten ez zielako. Osasun-zerbitzuen eta gizarte-zerbitzuen arteko koordinazio handiagoa behar da, modu aktiboan eta lehentasunez saihesteko bazterkeria soziala, pobrezia ekonomikoa eta lan-prekarietatea, guzti hauek minbiziaren bilakaeran eta biziraupenean eragiten duten faktoreak baitira.
Kontua ez da minbizitik bizirik ateratzea bakarrik. Bizitzea da kontua, gaixo onkologikoen bizi-itxaropena eta bizi-kalitatea hobetzea. Ikerketa, tratamendu farmakologiko berritzaileak, ariketa fisikoak, elikadurak, fisioterapiak eta bestelako tratamendu osagarriek funtsezko eginkizuna betetzen duten ikuspegi integratiboa beharrezkoa da; Osasun Publikoko profesionalei laguntza ematea baliabide, prestakuntza eta aurrekontu nahikoekin; baliabide teknologikoak bideratzea eta hauek ondo erabiltzea, honek suposa baitezake bizitzearen eta ez bizitzearen arteko aldea.