Abotsanitz: "Hondarribiak HAPOrik ez badu, EAJren erantzukizun esklusibo eta bakarra da"
Udal gobernu berria HAPO nola kudeatzen ari den kritikatu dute jeltzaleek azken egunotan. Zenbait kontu argitu nahi izan dituzte eta EAJri eskatu diote "eztabaida ez infantilizatzeko eta maila politikoa erakusteko".
Abotsanitzek ohar bat bidali berri die hedabideei, azken egunetan EAJk udal gobernu berriaren kontra zenbait hedabideetan esandakoak argitzeko. Udal gobernu berria HAPO (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) nola kudeatzen ari den kritikatu dute jeltzaleek, Abotsanitzekoen arabera, “zehazgabetasuna, erabakirik ez hartzea edota prozesua nahita luzatzea” egotzi diote udal gobernu berriari.
Adierazpen horien harira, Abotsanitzek argitu nahi izan du “gaur egun Hondarribiak HAPOrik ez badu, EAJren erantzukizun esklusibo bakarra dela”. Horregatik, zenbait kontu argitu nahi izan dituzte.
Lehenik eta behin esan dute EAJk gehiengo absolutuarekin gobernatu duela hainbat hamarkadetan zehar, eta hortaz, “urte asko” izan dituela “zentzuzko Plan Orokor bat egiteko”. Bigarrenik, gogorarazi dute, jeltzaleen botoekin eta “oposizioak ohartarazi arren”, bakarrik onartu zela plana, eta haien erantzukizuna dela epaitegiek baliogabetu izana, “hondarribiar guztion poltsikotik ordaindu behar izan genuen kostu ekonomikoa ahaztu gabe”. Zentzu horretan salatu dute gaur egun arte EAJko “kide batek ere” ez duela bere gain hartu baliogabetze horren ardura.
Hirugarrenik, adierazi dute gaur egun lantzen ari diren planaren oinarria “EAJren botoekin bakarrik onartu zela berriro ere, presaka eta korrika egindakoa hauteskundeak baino egun batzuk lehenago, honela zetorren udal berria hipotekatuz”.
Proiektu zehatzez ere hitz egin nahi izan dute Abotsanizeko kideek. Zubietako proiektua aipatu dute, eta adierazi dute “beti” egon direla proiektu horren alde, baina, “eskualde ikuspegi batekin eta Irunekin batera jorratzeko” asmoa dutela. Honako galderak bota dituzte: “Zergatik orain arte EAJk ez du Zubieta martxan jarri? Zergatik, lau urtean behin proiektu garrantzitsutzat jo arren?”.
Abotsanitz “talde independente bakarra” dela erantsi dute eta “Hondarribitik eta Hondarribiarentzat lan egiten” duela: “Ez gaude goi mailako egiturei loturik eta hondarribiarren interesen alde esklusiboki lan egiten dugu”. Horregatik, taldea “betidanik gardentasunez, patxadaz eta egia aurretik duela” aritu dela argudiatu dute. “Harro gaude azken hilabeteotan egindako lanaz. Agerian geratzen ari da herritarren parte hartzea bultzatzea eta eztabaida gure DNA politikoaren parte direla. Prozesu berri honetan parte hartu duten ehunka pertsona horren lekuko dira”.
Azkenik, esan dute lau hilabete “eskas” hauetan ezin zaiela “guztiaren arduradun egin”, eta jeltzaleei eskatu diote “eztabaida ez infantilizatzeko eta maila politikoa erakusteko”.