"Sare fantasma izugarri handia" topatu dute Jaizkibelgo uretan
Arroketan trabatuta antzeman dute sarea, eta hainbat espezie bertan harrapatuta. Ateratzea "ez da erraza izango", urpekarien arabera
Eguzki talde ekologistak salatu du Buceo Donostiko urpekariek “sare fantasma oso handia” antzeman dutela Jaizkibelgo Turulla izeneko puntan, mendiaren Hondarribiko aldean. Datozen egunetan sarea ateratzen saiatuko dira, nahiz eta dagoeneko eman duten abisua: “Ez da erraza izango”.
Ez da Buceo Donostiko kideak halako lanetan murgiltzen diren lehen aldia. Hain da ohikoa halakoak urpean topatzea, non izen tekniko bat ere baduten: ALDFG (abandonatutako, galdutako edo baztertutako arrantza-arteak, ingelesezko sigletan).
Eguzkik emandako informazioaren arabera, Turulla Puntako sarea arroketan trabatuta geratu zen eta, alboko irudian ikus daitekeen bezala, hainbat espezierentzako “tranpa” bihurtu zen, bertan harrapatuta gelditu delarik bat baino gehiago.
Sare fantasmak
Sare horiekiko kezka gero eta handiagoa da ingurumenaren zaintzan diharduten eragileen artean. FAO Nazio Batuen Erakundeko agentzia espezializatuaren arabera, urtero 640.000 tona arrantza sarek bukatzen dute itsasoan. Handiak zein txikiak, baina ia guztiak plastikozkoak.
Ozeano Barean dagoen Zaborraren Orban Handia izenez ezaguna den kontinentearen %46 sarez osatuta dago. Baina sare fantasmekiko kezka ez da soilik ozeanoak plastikoz betetzen dituen olatuari ekarpen handia egiten diotelako, baizik eta nabigaziorako arazo bat direlako eta, batez ere, faunarentzako tranpa hilgarriak eta ekosistementzako benetako mehatxua izaten jarraitzen dutelako. Jaizkibelgoa, horren adibide.
Ulia-Jaizkibel itsas babesgune proiektua
Eguzkiko kideek Jaizkibelgo gertaera probestu dute Ulia-Jaizkibel itsas babesgune proiektuak egiteke jarraitzen duela gogorarazteko.
Ozeana Fundazioak eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak 2010ean aurkeztu zuten Donostia eta Biarritz bitartean korridore ekologiko bat eratzeko proposamen zientifikoa, Natura 2000 Sarearen barruan. Proposamenak aurreikusten du 13.000 hektarea inguruko itsas babesgune bat aitortzea Jaizkibelgo eta Uliako kostan.
Inguru hori oso aberatsa da. Oceanak eta EBEOk mila espezie baino gehiago antzeman dituzte bertan; horietatik 50 inguru babestuta daude. Horrez gain, “Kantauri itsasoan parekorik ez duten” forma geologikoak ere aurkitu dituzte.
Gobernu frantsesak Lapurdiko kostaldean dagoeneko hainbat itsas babesgune izendatu dituela kontuan izanda, 27.000 hektarea inguruko babesgune sarea osatuko litzateke Donostia eta Biarritz bitartean. “Atlantiko europarreko itsas korridorerik garrantzitsuenetakoa izango litzateke, baita aniztasun handienetakoa ere”.