2.200 lasterkari, Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketarako prest
Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketaren 24. edizioa egingo dute igandean. Hondarribiko Kale Nagusian izango dute helmuga korrikalariek.
Donibane Lohitzune-Hondarribia lasterketaren 24. edizioa egingo dute igande honetan (hilak 22). Urtero bezala, Donibane Lohitzunetik abiatuko dira lasterkariak eta Hondarribiko Kale Nagusian izango dute helmuga.
Gaur aurkeztu dute lasterketa, Hondarribia Kirol Taldeko kideek eta Igor Enparan alkateak eta Lupe Queiruga zinegotziak. Enparanen arabera, lasterketa «erreferente bilakatu da aspaldian, kirol maila aldetik baita antolakuntza aldetik ere».
Ekitaldi ederra espero dute iganderako, orain arte 2.200 lagun inguruk izena eman baitute. «2.200 horietatik %34,6 emakumezkoak dira. Inguruan antolatzen diren maratoi erdiekin alderatuta, datu oso altua da», nabarmendu zuten asteazkenekoan elkarteko kideek.
10:00etan abiatuko dira lasterkariak eta azkarrenak 11:00ak inguruan helduko dira herrira. Iazko ibilbide berbera egingo dute, eta hasiera zein bukaeran dutxak eta komunak izango dira.
Lasterketak zenbait trafiko mozketa eragingo ditu. Mendelutik sartuko dira lasterkariak herrira, beraz, hiriko sarrera eta irteerako zirkulazioa Kosta kaletik izango da. Kale Nagusia eta Arma Plaza itxiko dituzte goizean, eta alde zaharretik ateratzeko Denda kaletik eta Juan Laborda kaletik jo beharko dute herritarrek. Larunbatetik, gainera, Bernat Etxepare eta Sabin Aranan ezingo da autorik aparkatu, lasterkariak Donibanera eramango dituzten autobusentzako egokituko baitituzte bi eremu horiek. Zumardian ere ezingo da aparkatu larunbatetik.