Hirugarren liburutegi librea, Behobian
Erdialdekoaren eta Oinaurrekoaren ondoren, hiriko hirugarren kale liburutegia kokatu dute Behobia auzoan, Maria Juncal Labandibar poetisaren omenez.
Erdialdekoaren eta Oinaurrekoaren ondoren, Irunek hirugarren liburutegi librea izango du Behobia auzoan. Kale liburutegia San Martzialeko Bigarren Guduaren berrehungarren urteko plazan kokatu dute, Maria Juncal Labandibarren omenez. Labandibar Behobia auzoan jaiotako poetisa izan zen, ibilbide “emankorra” izan zuena, eta haren aipu bat irakur daiteke liburutegi librean: “Esaten dudanean ezinezko bat izugarri gogoko dudala, esaten didate, irribarre ironiko bidez, imajinario bat izango dela, poetisa ero baten amets bat”.
Atzo, hilak 16, Emakume Idazleen VIII. Eguna ospatu zen, eta egun horren testuinguruan inauguratu du Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kultura ordezkariak Behobian kokatu duten kale liburutegia. Lehen liburutegi librea Erdialdeko Almudena Grandes plazatxoan ezarri zuten, eta bigarrena, aldiz, Oinaurre auzoko Jostun plazan. Behobian jarri duten liburutegiak, gainera, aurreko bi instalazioen egitura bera du: beiraz hornitutako euskarri bat da, Maria Juncal Labandibarren aipu batekin erroldatuta.
Funtzionamenduari dagokionean, “oso sinplea” dela jakinarazi du Alzagak: “Pertsona batek liburu bat jasotzen du, eta trukean, beste bat uzten du. Hala, liburutegian beti egon behar dute liburuak eskuragarri herritarrentzat”.
Telefono kabinak
Irungo Udalak eta Telefonicak egun erabiltzen ez diren bi telefono kabina hiriari lagatzea adostu zuten iragan abuztuan. Udalak adierazi du bi instalazio horiek liburutegi libre bihurtu nahi dituztela. Kabinetako bat Argentinar Errepublikaren eta Arizmendi almirantearen kaleen arteko izkinan dago. Bestea, berriz, Alzukaitz eta Uztapide bertsolariaren kaleen arteko bidegurutzean.