Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrua, argazkietan ikusgai
Gipuzkoan zutik geratzen den kontzentrazio esparru bakarra da, eta Nicolas Guerendiain elkartea pabiloi hori eraitsia izan ez dadin borrokan ari da. Eraikin horren inguruko argazki erakusketa bat ondu dute Palmera Monteron hilaren 31 arte.
Irunen dagoen Pequeña Velocidad Gipuzkoan zutik jarraitzen duen kontzentrazio esparru bakarra da, eta Nicolas Guerendiain Irungo Errepublikarrak elkarteak antolatuta, argazki erakusketa bat ondu dute Palmera Montero Gunean hilaren 31 arte, gune hori erakusteko.
Pequeña Velocidad kontzentrazio esparru gisa erabilitako tokietako bat izan zela gogorarazi du elkarte errepublikazaleak. Irun mugako hiria denez, erbestetik etorritako “milaka” errefuxiatuk muga igaro eta hainbat instalaziotan sartzen zituztela gaineratu dute, haiek “identifikatzeko, sailkatzeko eta hurrengo helmuga erabakitzeko (kartzela, beste kontzentrazio esparru batzuk, askatasuna…)”.
Nicolas Guerendiain elkarteak adierazi du Irunen hainbat kontzentrazio esparru zeudela: Gal estadioa, Hilaturas ferroviarias haur eta emakumeentzako, Behobia, Elgorriaga txokolate fabrika eta Irungo kartzela. Horietatik, Pequeña Velocidad da zutik geratzen den bakarra, eta elkarteak jakinarazi du Irungo Udalak eraikina eraisteko asmoa duela, Via Irun hirigintza proiektuaren barruan.
Elkarteak oroitarazi du 2021ean mozio bat aurkeztu zutela pabiloi hori mantentzeko eta bertan memoriaren inguruko museo bat sortzeko. Horrez gain, aurtengo udaberrian, Kepa Ordoki elkartearekin batera, Pequeña Velocidad eraikina ez eraisteko eta oroimenerako leku izendatzeko eskatu zuten. Mozioa, baina, atzera bota zutela esan dute.
Nicolas Guerendiainek nabarmendu du pabiloi hori mantentzeko lanean jarraitzen dutela, eta Eusko Jaurlaritzari Memoriaren Leku izendatzeko eskatuko diola.