230 farfailari inguru bilduko dira Jostaldin igandean
Emeki elkarteak Hondarribiko Farfailaren V. Topaketa antolatu du iganderako. Aurtengo topaketa "indartsua" izango dela kontatu diote HITZAri antolatzaileek.
Igande honetan (hilak 22) Hondarribiko Farfailaren V. Topaketak Jostaldi pilotalekua hartuko du. Emeki Emakume Elkarteak antolatuta, Euskal Herri osotik eta kanpotik etorritako dozenaka eta dozenaka lagunek ehoziri lanak egingo dituzte, giro ezin hobean. Orain arte 230 bat lagunek bertan izango direla konfirmatu dute, emakume taldekoen arabera, aurtengoa “indartsua” izango baita.
10:00etan hasiko dira lanean, “bata-bestearen laguntzarekin”. Izan ere, hori du helburu topaketak, “askotariko herrietan egiten dena ekartzea eta elkarbanatzea”, kontatu diote HITZAri elkartekoek. Hamaiketakoa, zozketa eta bazkaria ere antolatu dituzte eguna biribiltzeko.
Topaketa honen barruan liburu aurkezpen bat egingo dutela aurreratu du Emekik. Bistra Pisancheva idazle bulgariarrak bere azken liburua aurkeztuko du Hondarribian: El encaje como práctica cultural y social. Emekikoen arabera, “modu oso ezberdin eta berezian” egiten du lan bulgariarrak: “Guk ez bezala, bere patroiak argazkiak dira, argazki bat hartzen du eta hori baliatzen du ehoziri lana egiteko. Harrigarria da”.