[Erreportajea] Areto futbolak bere txokoa berreskuratu du Irunen
Gabarrari auzoko lagun talde baten ekimenez, Irun Futsal Gabarrari taldea sortu dute irundarrek areto futbolerako sarbidea izateko. Hirian eta eskualdean kirol hori sustatu eta bultzatu nahi dute.
Irun Futsal Gabarrari. Hori da Irunen eta Bidasoa eskualdean areto futbola sustatzeko, hazteko eta kirol horretara sarbidea izateko sortu berri den proiektua. Irunek 63.000 biztanle ditu, hiri handia da, baina 1980ko hamarkadaz geroztik ez da areto futboleko talderik egon hirian. Hirian kirol mordoa praktikatzen dira, baina areto futbolean zegoen hutsunea nabarmena zen. Horrez gain, talderik ez izatearen ondorioa argia zen: areto futbola praktikatu nahi zutenek Irundik at jokatu behar zuten.
Hori da, hain zuzen, Mikel Artetxeren egoera. Urteak daramatza areto futbolera jokatzen, eta, egun, Ibarran ari da. Aurretik ere Donostian jokatu zuen, bi kasuetan Irundik kanpo. Artetxe da taldearen sortzaileetako bat, eta Ibarran jokatzeaz gain, Irun Futsaleko entrenatzaile izango da estreinako denboraldian.
Areto futboleko talde berria Irungo Gabarrari auzoan sortu da, lagun talde baten ekimenez, eta proiektuaren hastapenak azaldu ditu Artetxek: «Gazteagoak ginenean saiatu ginen taldea egiten, baina ez genituen orain ditugun baliabideak. Aurtengo udan, areto futbolaz hitz egiten ari ginela, taldea sortzeko ideia berriro atera zen, eta denon artean ideia aurrera eraman dugu ahal izan dugun moduan».
Taldea sortuta, areto futbolari bultzada eta hauspoa ematen ahaleginduko dira hiriko gazteak. Urte gehiegi izan dira Irunen areto futbolerako sarbiderik izan gabe, eta Artetxek onartu du momentu «ona» zela zerbait «polita» egiteko. «Uste dugu Irun bezalako hiri batentzako oso garrantzitsua dela areto futboleko talde bat izatea. Uste duguna da Irunek talde bat izan behar duela», adierazi du taldeko entrenatzaileak abiatu duten proiektuaz.
Talde sortu berria da, hortaz, Artetxek argi du zein den beren lehen egitekoa: oinarriak finkatzea. «Hasierak zailak dira, baina oinarriak finkatu nahi ditugu». Irun Futsalen prestatzaileak jakinarazi du areto futbolaren egoera Euskal Herrian ez dela ona, «existitzen» ez den kirola dela. Hori dela eta, areto futbola «haztea» nahi dute, eta horretarako, Irunen eragin nahi dute lehenik: «Nahi duguna da areto futbola ulertzea, hirian zehar gure kirola ikusaraztea, jendea gure partidetara etor dadila areto futbola probatzera».
Aurtengo sasoiari begira, talde bakarra ateratzeko gai izan da Irun Futsal. Ahaleginak egin zituzten talde gehiago izateko, baina ezinezko egin zaie. Gizonen senior taldea da lehian arituko den bakarra. Gipuzkoako Hirugarren Mailatik abiatuko dira, eta etorkizunera begira, klubeko «erreferentzia» izatea nahi dute. Horregatik, talde hori «mailaz igo» nahi dute: «Erreferentzia izango den lehen taldea mailaz igo nahi dugu. Egia da oso zaila dela, baina ahal dugun heinean gora egiten saiatuko gara. Ondo pasa nahi dugu, bai, baina taldea hazi eta ahal den urrunen iritsi nahi dugu».
Datozen urteetarako beste helburu bat dutela zehaztu du Artetxek, taldea hazteko: harrobiko taldeak sortzea. «Hurrengo urteetarako areto futbol eskola egiteko asmoa dugu, harrobiko taldeak sortu nahi ditugu: jubenilak, kadeteak eta infantilak».
Bidea, Irungo La Sallen
«Hasierak zailak» direla nabarmendu du Artetxek, eta kantxa aurkitzea ez da salbuespena izan. Kostatu zitzaien, baina «lan handia» eginda aurkitu dute beren gotorlekua: La Salleko frontoi estalia. Hasieran bertan jokatzeko helburua ez bazuten ere, hor egingo dute bidea: «Irunen hainbat kiroldegi eta pilotaleku dauzkagu, baina ez dago tokirik. Eskubaloiak eta saskibaloiak toki asko hartzen dute, eta lekurik gabe aurkitu ginen. Mugitzen eta bilatzen topatu dugun eremurik onena da honakoa. Guretzako, momentuz, perfektua da».
Pilotaleku hori, baina, pixka bat zaharkituta dago, eta klubeko kideak eremua egokitzen ari dira legea bete eta liga hasierari ekiteko. Denboraldia hilaren 22ko asteburuan hasiko dute, datorren asteburuan, eta Artetxek aitortu du «gogotsu eta ilusioarekin» daudela. Estreinako partida Donostian jokatuko dute, Dad Kutxa taldearen aurka, eta bigarren jardunaldian jokatuko dute La Sallen lehen aldiz.
Areto futbola bizirik da Irunen, eta kirol horren sustapenean eragin nahi du Irun Futsal Gabarrarik.