Udaltzain baten arma erabilera ikertzen ari da udala
Akartegi auzoko jabego pribatu batean izan zen gertaera. Udaltzainak bere arma erabili zuen animalia bat beste bat erasotzen ari zenean, eta ondorioz, animalietako bat hil zuen.
Hondarribiko Udalak ikerketa bat abiatu du, joan den astean udaltzain batekin gertatutakoa argitzeko. Izan ere, iragan astean udaltzain batek arma erabili zuen Akartegi auzoko jabego pribatu batean, animalia bat beste bat erasotzen ari zenean. Animalietako bat hil zuen udaltzainak.
Egunotan udala “kasuaren argiketan lagunduko duen txostena” lantzen aritu dela azaldu dute erakundeko iturriek, “gertatutakoaren inguruko berme guztiak errespetatuz”. Hartu beharreko erabakiei “aurre” egingo diela jakinarazi dute. “Gertatutakoaren larritasunaz jabetuta, eta gaiaren sentsibilitatea aintzat hartuta, azkartasunari baino zuhurtziari eman behar zaio garrantzia eta irmotasunez jokatzearekin batera diskrezio osoz aritzea ere ezinbestekoa da”, erantsi dute iturriek.