Juan Jose Lapitzen omenezko axoa lehiaketarako, dena prest
Hondarribiko jaki tipikoa indarberritzeko asmoa duen lehiaketa honen laugarren edizioa jokatuko dute azaroaren 4an. Jada izena eman daiteke.
Aurten 76 betetzen dira Hondarribiko Goxoki elkartea sortu zutenetik, eta urteurren hori ospatzeko lehiaketa berezia antolatu dute datorren azaroaren 4rako. 2017an zendutako Juan Jose Lapitzen omenezko axoa egiteko IV. lehiaketa jokatuko dute, Bidasoko axoaren sustatzaileetako bat izan baitzen Lapitz. Antolatzaileen arabera, “bera oroimenean izateko” asmoa izango du edizio honek ere bai.
Baina, zer da axoa? Hondarribiko jaki tipikoa da, hala azaldu dute Goxoki elkartekoek: “horrekin arrantzaleek jai egun bereziak, gabon gaueko bazkaria eta abar ospatzen zuten, eta denborarekin ia ahaztuta geratu da. Hori dela eta gaur egun indarberritu nahi dugu”. Honakoak dira osagaiak: txahal edo behi haragia, tipula, piper morroia, tomatea, ardo zuria, haragi salda, olioa eta gatza.
Arrantzale auzoko plazan izango da azaroaren 4ko lehia. Elkarte partaideek euren mahaia, kazola eta beharrezkoak diren tresnak eraman beharko dituzte, baita osagaiak ere. Haragia berriz, antolatzaileek jarriko dute. 11:00etan hasiko dira kozinatzen, eta 13:30ean irabazleen berri emango dute.
Parte hartzeko 609 88 34 81 telefono zenbakira deitu beharko da, hilaren 29a (igandea da) baino lehen.
Lotura honetan axoaren errezeta eta kozinatzeko modua kontsulta daitezke.