Euskadi literatura sariak Arantxa Urretabizkaia eta Joseba Larratxerentzat
Urretabizkaiak Narratibaren garaikurra jaso du 'Azken etxea' eleberriagatik, eta Larratxek Ilustrazioarena 'Ni ez naiz Mikel Laboa' komikiagatik.
Hiru Euskadi literatura sariren berri eman dute gaur eta irabazleen artean Arantxa Urretabizkaia hondarribiarra (Donostia, 1947) eta Joseba Larratxe Josevisky irundarra daude (Irun, 1985). Hirugarren sariduna Patxi Zubizarreta ordiziarra izan da.
Urretabizkaia Azken etxea eleberriagatik saritu dute eta hondarribiarrak jasoko duen bigarren Euskadi saria izango da. Lehena, 2017an izan zen, idazlearen Bidean ikasia saiakera aitortu zuten orduan, eta orain Narratibaren saria da eman diotena. Kaleratu duen bosgarren eleberria da Urretabizkaiarena eta 111 akademiaren aitortza ere jaso du azken lanagatik.
Larretxerentzat lehen Euskadi saria izan da jaso duena, Ilustrazio saria hain zuzen ere eta Ni ez naiz Mikel Laboa lanagatik izan da. Komikiaren gidoigileak Unai Iturriaga eta Harkaitz Cano izan dira eta bera izan zen ilustratzailea. Epaimahaikideek adierazi dutenez, “Proposamen fresko eta oroigarria da, erreferentzia eta sinbolismo kultural asko jasotzen dituen obra konplexua, baina, gainera, irakurketa arina ahalbidetzen du. Mikel Laboaren musikaren erritmoa eta ikusizko interpretazioa nabarmentzen dira, baita askotariko ikuspegiak ere, hainbat irakurketa geruzarekin”.