Irun irisgarriago baten alde egin du EAJk
Alderdi jeltzaleak neurri zehatzak proposatu ditu hiriko hainbat eremuren irisgarritasuna hobetzeko eta irundarren egunerokotasuna errazteko.
Irungo EAJ kezkati azaldu da hirian irisgarritasun “arazoak edo gabeziak” detektatu dituztelako. Irisgarritasun faltak hiritar askoren egunerokoa “oztopatzen” duela ziur dira, eta egoera horrek erantzun “azkarra eta eraginkorra” behar duela adierazi dute, Irunek “espazio publiko segurua, kalitatezkoa eta mugikortasuna bultzatzen duena” izan dezan.
Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astean Mendibil auzoan dagoen “arazo handia” gogorarazi zuen alderdi jeltzaleak. Auzo horretan aldapa handiak, eskailerak edota espaloi estuak daudela zehaztu dute, eta horrek pertsonen “irisgarritasun egokia zailtzen” duela gaineratu dute. EAJk esan du auzotarrek urteak daramatzatela egoera hori salatzen. Hori dela eta, 2023ko aurrekontuetan Mendibil auzoko beharren azterketa bat garatzea proposatu eta bultzatu zuten jeltzaleek, udal gobernuak onartu zuena eta martxan dagoena.
Ildo horretatik abiatuta, irisgarritasuna hobetzeko neurri zehatzak proposatu dituzte Irungo hainbat eremutan, “denbora luzean ardurarik gabe” egon direnak. Amaia KZn irisgarritasun arazoen kexak jaso dituztela esan dute, batez ere aniztasun funtzionala duten pertsonen aldetik. Urdanibia Berritik Txingudi Ikastolarako bidean ere gabeziak antzeman dituzte. Bide hori pertsona askok erabiltzen dutela adierazi dute, eta egoera onean ez dagoela azaldu dute, argirik gabe, gainera. Bi eremu horietan egindako proposamenak onartu zitzaizkiela esan dute jeltzaleek, baina proiektu horien inguruko berritasunik ez dutela salatu dute.
Azaleratu duten beste kasu bat Lapitzeko Jolo kaleko etxeen multzoa da. Mendibilen bezala eremu horrek ere azterlan bat behar duela nabarmendu dute, “desgaitasuna duten bizilagunen irisgarritasun unibertsala ahalbidetu ahal izateko eta hala hauek beraien etxebizitzetara sartzeko diskriminaziorik eduki ez dezaten”. Iñigo de Loiolako patioen inguruko egoera era aipatu dute. 2017an irisgarritasun plan bat sustatu eta martxan jarri zela gogorarazi du alderdi jeltzaleak, eta horren ondorioz, lehenengo patioan igogailua jartzen hasi ziren. Orain, baina, “kezkatuta” daude, proiektu horrek “denbora asko geldirik” daramala ikusi baitute.
Horrez gain, udaletxearen atzeko aldearen egoera era aipatu du EAJk, Larretxipi kaletik, Gain Gainean eta Urdanibia plaza elkarlotzen dituena. Jeltzaleek nabarmendu dute urteak daramatzatela udaletxearen atzetik oinezkoentzako pasabide bat eraikitzeko beharra aldarrikatzen. Proiektu hori onartu dela jakinarazi dute, baina eremu horrek oinezkoentzako lotura hori barne hartu behar duela esan dute.
Bukatzeko, Irungo EAJk adierazi du urtero egiten diren asfaltatze kanpainak, espaloien jaisteak edo oztopo arkitektonikoen kentzeak jarraitu behar duela; baina haien ustez “aurrerapauso zehatzagoak” egin behar dira hiria “pertsona guztien beharretara” egokitzeko. Hori dela eta, EAJk azterlan bat egiteko beharra ikusi zuen. Proposamen hori maiatzean onartu zietela zehaztu dute, baina horren inguruko informaziorik ez dutela esan dute.
Guraso bakarreko familiak
Irungo EAJk adierazi du XXI. mendean familia moten aniztasuna “gero eta handiagoa” dela. Egoera hori abiapuntutzat hartuta, alderdi jeltzaleak nabarmendu du Irungo Udalaren ordenantza fiskaletan ez dituztela “guraso bakarreko familiak, familia berrosatuak edo anitz bereziak” aipatzen. Hori dela eta, familia horiek hobariak jaso ezin dituztela jakinarazi du EAJk. “Ordenantza fiskala ez dago prest bizi dugun errealitatearen aurrean”, esan dute.
Kontuan hartuta udaleko osoko bilkuran 2024rako ordenantza fiskalak aldatzeari ekingo diotela, EAJk adierazi du bilera bat hitzartu duela udal gobernuarekin, “gero eta ohikoagoa den erralitate hori bizi duten familiei eman beharreko laguntzen bidez hausnartzeko, aztertzeko eta erantzuna emateko”.

