Txingudiko emakumeek etxeko lehen partida galdu dute
Emakumeen talde nagusiak Plaiaundin jokatutako lehen partida izan zen larunbatekoa. Duintasunez galdu zuten egungo Euskal Ligako txapeldun den Gaztediren aurka (10-31). Gizonen neurketa, aldiz, bertan behera geratu zen.
Errugbiko larunbat arratsalde sutsua espero zen Plaiaundin, Txingudi Errugbiko gizonen eta emakumeen talde nagusiek partidak baitzituzten etxean. Zaleek, baina, ezin izan zuten bi norgehiagokaz gozatu, gizonen partida bertan behera geratu baitzen. Neurketa hori 15:30ean zen jokatzekoa, baina bidasoarren aurkariek, Arratiko Zekorrak taldeak, atzeratzea eskatu eta eskaera onartu zitzaien. Klubak jakinarazi du orain Kirol Justiziaren Batzordeak erabaki beharko duela partida galdutzat ematen zaien bizkaitarrei edo beste dataren bat finkatzen den neurketa jokatzeko.
Emakumeek, ordea, beren norgehiagoka jokatu zuten egungo Euskal Ligako txapeldun den Gaztediren aurka. Emakumeen taldeak etxean jokatutako lehen partida izan zen larunbatekoa, eta gizonen lehen taldeko kideek eta emakumeen RC Irun taldeko beteranoek osatutako ohorezko pasilloa zeharkatuta zelairatu ziren. Emakumeek ezin izan zuten partida aurrera atera, baina duintasunez galdu zuten arabarren kontra (10-31). Gasteiztarrek erakutsi zuten egungo Euskal Ligako txapeldunak direla.
Partida bukaeran, Txingudiko emakumeek RC Irun taldeko jokalari ohien aitortza jaso zuten. Lea Etxebarrieta egungo emakumeen taldeko kapitainak onartu zuen momentu “hunkigarria” izan zela: “Ez genuen espero mutilen pasilloa, ez beteranoen omenaldia bukaeran ere. Oso hunkigarria izan da eta indar asko ematen digu jendea gurekin dagoela ikusteak. Bi aste ditugu orain akatsak zuzentzeko eta ikasten jarraitzeko”.
18 urtez azpikoak
Txuingudi eta Bera Berak osatzen duten taldeak ezin izan zuen bere partida aurrera atera. Iruñean jokatu zuten La Unicaren kontra, eta 50-24 galdu zuten. Bidasoarren eta donostiarren partida hasiera kaxkarra izan zen, eta hiru entsegu jaso zituzten lehen minutuetan. Defentsa antolatzea kostatu zitzaien, baina erasoan jarrera aldatu eta lehen zatian 12 puntu lortu zituzten.
Bigarren zatia ondo hasi zuten Txingudik eta Bera Berak, eta markagailuko alde murriztu zuten bi entsegurekin. Hala ere, etxeko taldeak ez zuen amore eman eta markagailuko abantaila berreskuratu zuen, norgehiagoka nagusitasunez irabaziz (50-24). Porrot argia jasan zuten gazteek, baina bonus puntu bat erdietsi zuten lau entsegu lortzeagatik.
14 urtez azpikoak
14 urtez azpiko taldeko neska-mutilek Hernaniko Landare zelaian jokatu zuten Gipuzkoako errugbi zazpiko txapelketako bigarren jardunaldian. Txingudiko gazteak modalitate horretan arituko dira urte bukaera arte. Urtarrilean, aldiz, errugbi hamabosteko liga jokatzen hasiko dira.