Real Unionek gotorleku bihurtu du Gal
Txuri-beltzek etxean jokatutako partida guztiak irabazi dituzte aurtengo denboraldian. Atzo azken jokaldira arte itxoin behar izan zuten garaipena ospatzeko, luzapenean sartu baitzuen Escobarrek partidako gol bakarra.
Real Unionek gotorleku bihurtu du Gal. Etxean jokatu dituzten partida guztiak irabazi dituzte txuri-beltzek, lautik lau, eta liga hasiera onari jarraipena eman diote. Irundarrek azken jokaldira arte itxoin behar izan zuten atzo garaipena ospatzeko, Escobarrek luzapenean sartu baitzuen Tarazonaren aurkako partidako gol bakarra (1-0), baina puntuak etxean geratu ziren. Txuri-beltzak sailkapeneko bigarren postuan kokatu dira 15 punturekin, Ponferradinarekin berdinduta. Tarragonako Nastic da lidergoan 17 punturekin. Real Unionek amesten jarraitu nahi du.
Fran Justo prestatzaileak partidaren atarian nabarmendu zuen benetako taldeek, porrot baten ondoren, aurrerapauso bat ematen dutela. Esan eta egin. Irundarrek asko landu zuten atzoko neurketa, nahiz eta garaipena 93. minutuan iritsi. Lehen zatian aukera gutxi izan ziren, baina sentsazioa zen txuri-beltzek kontrolpean zutela partida.
Atsedenalditik bueltan golaren bila irten ziren irundarrak, eta gutxika Tarazonari lekua jaten joan ziren. Real Unionek aukerak izan zituen, baina bazirudienean norgehiagoka berdinketarekin bukatuko zela, Escobarrek garaipenaren gola lortu zuen luzapenean. Ez zen astirik izan gehiagorako, eta puntuak, beste behin, Galen geratu ziren.
Irundarrek larunbatean jokatuko dute ligako zortzigarren jardunaldiko partida. Galizian arituko dira Celtaren bigarren taldearen aurka, 17:00etan.