Bidasoa Irun, nagusitasunez
Bidasoak Puente Genil jipoitu zuen larunbatean Artalekun (37-19), eta laugarren garaipena jarraian lortu zuten. Irundarrek geldiezinik jarraitzen dute.
Bidasoa Irunek geldiezinik jarraitzen du. Larunbatean laugarren garaipena jarraian lortu zuten irundarrek Angel Ximenez Puente Genil jipoitu ondoren (37-19), eta puntuak Artalekun geratu ziren bildutako zaleen gozamenerako. Bidasoarrak galdu gabe dira aurtengo Asobal Ligan, eta sailkapeneko bigarren postua indartu dute. Bederatzi punturekin dira, eta Bartzelona handiak baino lau puntu gutxiago dituzte. Hala ere, kataluniarrek Bidasoak baino bi partida gehiago jokatu dituzte. Bidasoa Irun dinamika onean da, eta ez du olatuaren gainetik jaitsi nahi.
Bidasoa Irun nagusi izan zen hasieratik bukaerara. 4-0eko bi partzialei esker, irundarrek ihes egin zuten markagailuan. Aurkariek ezin izan zituzten bidasoarren erasoak gelditu, ezta defentsako horma horiari aurre egin ere. Atsedenaldira hamar goleko errentarekin iritsi ziren irundarrak, kantxan jaun eta jabe izanik (19-9).
Bigarren zatian, abantaila handitzen jarraitu zuen Bidasoak, eta alde nabarmenarengatik irabazi zuten (37-19). Jacobo Cuetarak atsedena eman zien minutu gehien jokatu dituzten jokalariei, eta gazteek kalitatezko minutuak izan zituzten.
Irundarrek igandean jokatuko dute Asobal Ligako seigarren jardunaldiko partida Benidormen, 16:45ean. Alacanteko taldea ere une gozoa bizitzen ari da, eta sailkapeneko hirugarren postuan dira, Bidasoatik bi puntura. Bidasoarren antzera, galdu gabe dira aurtengo denboraldian.