[Elkarrizketa] «Azken estropada garaipen batekin bukatzea nuen helburu»
11 urte besterik ez zituela ontziratu zen lehen aldiz, eta 16rekin Kontxarako lehen sailkapena lehiatu zuen sanpedrotarrak (1993). Bi hamarkada uretan eman ondoren, lema Hibaikan utzi du zintzil.
Euskotren Ligan jarraitzeko play-offetako bigarren jardunaldian ontziratu zinen, garaipena bete-betean gozatzeko. Nola bizi izan zenuen?
Presio puntu batekin ontziratu nintzen. Azken estropada garaipen batekin bukatzea nuen helburu, baina banekien borrokatu beharko genuela. Aste osoko tentsio hori guztia askatu nuen helmugara iristean, oso berezia izan zen.
Benetan azkena izan zen estropada hori, edo azkena ‘oraingoz’?
Gorputzak eta buruak gelditzeko eskatu didate, eta kasu egingo diet. Urte gogorra izan da, lesioak medio, eta orain deskantsatzea tokatzen da. Betirako uztea da intentzioa; arrauna garrantzitsua izan da niretzat, eta bueltatzeko ideiarik ez badut ere, batek daki aurrerago zer gertatuko den.
Erabakia noiz hartu zenuen?
Lehen aldiz lesionatu nintzenean hasi nintzen pentsatzen agian uzteko momentua iritsi zela. Aurre-denboraldi erdian uztea ere pentsatu nuen, gorputzari eta minari buelta ematen ez nielako. Zorionez, ondo agur esateko aukera izan dut eta eskertzen dut hori.
11 urterekin murgildu zinen arraunaren munduan, eta 30 bete berri dituzu. Ia bi hamarkada entrenamendu eta lehia artean eman ondoren, nola biziko duzu orain hutsune hori?
Kirola egiten jarraitzea da ideia, baina beste erritmo batera, inongo konpromisorik gabe. Hibaikan ere badakite ez naizela asko urrunduko, laguntzeko prest nagoela eta behar dutenetan egongo naizela. Baina nire buruari eta nire ingurukoei arraunari eskainitako denbora eskaini nahi diet orain; merezi dute, merezi dugu.
«Nire buruari eta ingurukoei arraunari eskainitako denbora eskaini nahi diet orain»
Bi hamarkada horietan San Juan, Oiartzungo Itsaslapurrak, Hondarribia, Orio, San Pedro, Trintxerpe, Hibaika, eta Urkin izan zara. Kolore askotako elastikoak jantzi izan dituzu. Baduzu kutunik?
Guztiak izan dira bereziak, nigan sinetsi eta ateak zabaldu dizkidatelako. Beti sentitu naiz etxean bezala etxetik kanpo, eta oso eskertuta nago horregatik. Denek amesten dugu etxeko koloreak traineruan defendatzearekin, eta zoritxarrez nik ez dut hori bizi izan, baina jantzitako koloreak etxekoak balira bezala defendatzen saiatu naiz.
Urte horietan guztietan astindutako banderen artean, zein zaizu berezien?
Hibaikarekin 2019an Oreretan irabazitakoa. Liga lortu eta etxeko ikurrina irabazi genuen aldi berean. Gerturatutakoen animo oihuak hain gertu entzutea zoragarria izan zen! Pentsatze hutsarekin emozionatu egiten naiz oraindik.
Bestea, Oriorekin, bateletan, Gipuzkoako Txapelketa irabazi genuenean. Urte horretan mutilekin aritu nintzen patroi, eta anaiak eta biok talde berdinarekin hori irabazteko aukera izatea oso berezia izan zen.
Kontxara sailkatzeko 16 urterekin egin zenuen arraun lehen aldiz. Nola duzu gogoan hain gazte halako ur handitan murgildu izana?
Uste dut momentuan ez nintzela kontziente eman zidaten aukeraz. Ez da edozein 16 urtetxorekin traineru batean lehen aldiz igotzen Kontxako sailkapen estropada jokatzeko. Oso udara polita izan zen, pila disfrutatu nuen.
«Beti pentsatu dut patroi on bat izateko, lehenengo arraunean ibili behar dela»
Zenbatetan sailkatu zara Kontxarako?
Oker ez banago, elkarte desberdinekin jokatutako hamabi sailkapen estropadatatik, zazpi alditan lortu dugu sailkatzea; beti Hibaikarekin.
Urte horietan, adinak eta esperientziak eman al dizute beste lasaitasun batekin lehiatzeko konfiantza?
Urduritasunak beste modu batera kontrolatzen dituzu, baina beti daude hor. Esperientziak eta adinak bai ematen dizutela hori, eta gazteei urduritasun hori ateratzen edo kontrolatzen laguntzeko ere balio du horrek.
Arraunlariak hamahiru dira; lemazaina, bakarra. Sentitu izan duzu ardura gehigarri hori?
Hibaikan beti izan gara bi, eta txandakatzen ibili izan gara. Kanpoan egoten zena barruan zegoena lasaitzen saiatzen zen; azken finean, patroiak egiten duena delako gehien ikusten dena.
Baina bai, sentitu izan dut dena perfektu egiteko presio gehigarri hori, bakoitzak ondo egiteko nahiaren presioaz aparte. Batzuetan besteetan baino hobeto eraman dut, egindako lana ona zenetan, batez ere.
Patroi jaiotzen da norbait, edo egiten da?
Arraunean hasi nintzenean bietan ibiltzen nintzen, batzuetan arraunean eta patroi moduan besteetan. Traineruan ere ibili izan naiz arraunean [azkenekoz 2017an, Hibaikarekin], eta azken urteak patroi moduan egin ditut.
Beti pentsatu dut patroi on bat izateko, lehenengo arraunean ibili behar dela, jakiteko zer den eta arraunlariak zer behar duen. Niri arraunean ibiltzeak hori erakutsi dit, eta bidea eman dit arraunlariei zer eta nola eskatu jakin ahal izateko.
Gizonen lemazain ere izan zinen. Desberdintasun nabaririk antzeman izan duzu?
Zorionez, ez didate gutxiago sentiarazi edo egoera desatseginik biziarazi inoiz. Beti egon da errespetuzko tratua, eta gehiengoak bat gehiago sentiarazi izan nau.
Ontzia eramaterakoan, gizon eta emakumezkoen artean aldea ikusi dut, beraiek [gizonek] indar gehiago dute eta hori nabaritzen da ontzia gidatzerakoan.
«Prestatzaile ere izan naiz, eta nire txikitxoak ere botako ditut faltan»
Une gozo asko izan dituzu, baina baita garratzak ere. Azken horietatik gehiago ikasten al da?
Momentu ez hain onetatik ikasten da gehiago, akatsak egon badira horiek zuzentzen eta hobetzen. Baina, azkenean, burura datozkizunak beti dira momentu onak.
Estropada batean, momentu txar batetik atera, egoerari buelta eman eta estropada amaiera zoragarria egitea lortu genuen. Portugaleten izan zen. Ziabogara aurretik iritsi, eta arraun txikia ziaboga ondoren atera ezinik ibili ginen. Denbora asko galdu genuen hor.
Kontxa omen da arrauneko garaikur gorena. Pena, halakorik ez irabazi izanagatik?
Pena puntu bat badut. 2017an gertu geratu ginen [15 segundogatik irabazi zion San Juanek Hibaikari], eta arantza hori daukat geroztik. Baina arrauna ez da dena, eta gozatu zein irabazitako guztiarekin geratzen naiz. Pozik ixten dut etapa hau. Agurra biribila izan da: zorionez, Euskotrenen geratzeko txartela lortu genuen, eta pozik noa.
Bizi erdia baino gehiago eman duzu arraunean. Zeren hutsunea sumatuko duzu gehien?
Taldea botako dut faltan. Azkenean, familia bihurtzen da, eta denbora asko pasatzen dugu elkarrekin. Azken urte hauetan neska kadeteen prestatzaile ere izan naiz, eta nire txikitxoak ere botako ditut faltan. Baina horiek ere badakite gertu ibiliko naizela, eta dena ondo badoa, laster traineru barruan ikusiko ditut, eta ni izango naiz beraiek animatzen lehena.
Baduzu arraunari lotuta beste nolabait jarraitzeko asmorik?
Esan bezala, gertutik jarraituko ditut taldekideak, eta elkartetik azalduko naiz behar duten eta nahi dudan guztietan, baina bisitan edo tarteka laguntzera, konpromisorik gabe.
Aukera hau aprobetxatu nahiko nuke eskerrak emateko: ia 20 urte hauetan nigan sinistu dutenei, arraunaz gozatzeko aukera eman didatenei, eta ikasten jarraitzeko emandako aukera bakoitzagatik. Baita taldeari ere, nire haserreak jasan izanagatik [barrez esan du] eta entrenatutako txikiei, tarteka barruan dudan umea ateratzen uzteagatik. Azkenik, eta bereziki, familiari; hainbeste urtez nire jarraitzaile izaten jarraitu izanagatik, kolorez aldatu izan dudanean beraiek ere aldatzeagatik. Eta nire bikoteari; ondo daki berak arrauna zer den, eta eskerrak eman nahiko nizkioke izandako momentu txarretan ondoan egoteagatik.