[Erreportajea] Nahi eta ezin
Eskubidea izanagatik ere, ezinezko bilakatu da herritar asko-askorentzat etxebizitza duinerako sarbidea. Erosketa garesti, eta alokairua ia ezinezko eskasiagatik eta gehiegizko prezioengatik.
Eskubidea bada ere, etxebizitzarako sarbidea gurutze bide bilakatzen ari da, bereziki, azken urteetan. Krisiak gogor jo du bizitzaren arlo guztietan. Emantzipazioa, bizitza proiektu duinak abiatzea, edota segida ematea ere ez dira kinka larritik libratu. Etxebizitza itomenaren sinonimo bilakatu da, nahia eta ezinaren isla betea herritar asko-askorentzat.
Etxebizitza erosteko baldintzak bete ezean, alokairua izan da alternatiba, baina gaur egun alokairuzkoen eskasiari, maizterrek aurre egin beharreko gehiegizko prezio eta baldintzak gehitu behar zaizkio, alokairua pribatibo bihurtzeraino; odolustea. Bien bitartean etxebizitza eskubidea bermatuko duten politika eta eskaintza eraginkor nahikoaren gabezia agerian gelditu da, gordin.
Higiezinen atari digital ezagun batek biltzen duenaren arabera, gaur-gaurkoz Oarsoaldean, Irun eta Hondarribian alokairuan har daitezkeen 17 etxebizitza daude iragarrita. Eskaintza zabalena Hondarribiak du, eta alokairuen prezioak 775 eta 4.000 euro artekoak dira. Alokairurik merkeena, Oiartzunen dagoen bakarra: 45 metro koadroko atikoagatik 600 euro eskatzen dituzte. Deigarriena, Lezon alokagai dagoen bakarra: Jaizkibel hiribidean kokatuta dago, eta behe denboraldian 1.800 euro eskatzen dituzte, eta goi denboraldian, 2.800 euro hilean. 50 metro koadro ditu etxebizitzak.
Bizitzaren baldintzen kaskartzea
Krisi testuinguruak etxebizitzaren gainean duen eraginak kezkatuta iaz Etxebizitza Sindikatua martxan jarri zuten Oarsoaldean. Sindikatuko kide dira Jon Ander Saiz eta Unai Moriones errenteriarrak: «Langile klaseak bizi du gordinen krisia bere azalean. Irtenbidea emateko hasi ginen lanean, ez era asistentzialean, gure aspirazioa zaurgarrien diren bizilagunei tresnak ematea delako, beren burua sindikatuarekin batera antola dezaten dituzten arazoei aurre egiteko». Zalantzarik ez dute bi gazteek. «Krisiak eragina du eros ahalmenaren galeran, eta horrek gizartearen proletarizazioa dakar. Jada ez da langile kapa xume bat gaitasuna ez duena, orokortzen ari da fenomenoa. Duela hamar urte ongizate estatuan bizi izan den jendearen baldintzek okerrera egin dute, eta ez dago instituzio publikoen ezta enpresa pribatuen aldetik ere borondaterik irabaziak eteteko. Horrek zaurgarritasuna egikaritzen du».
Etxebizitza Sindikatura jo duten bizilagun gehien-gehienak etxebizitza sozialetan bizi direnak direla azaldu du Morionesek. «Paradoxikoa da. Etxebizitza Legeak dio alokairuaren prezioak ez lukeela unitate edo norbanakoaren diru sarreren %30 gainditu behar etxea berotu, hoztu, ura eta abar barne direla. Ikusi ditugun kasuetan muga hori modu esajeratuan gainditzen da, gehien-gehienetan hornidura gastuengatik».
Alokairu kontratua ez berritzeagatik eta etxebizitza sozialetan etxegabetze arriskuagatik ere gerturatu zaizkiela bizilagunak azaldu du Saizek: «Gure artean miseriazko baldintzetan bizi den jendea dago, eta guregana jo dute ez dutelako aterabiderik ikusten». Egungo krisi testuinguruan «miseriazko etxebizitzak» azaltzen direla diote: «Etxebizitza berri baterako, alokairu duin baterako sarbidea ez duzunean, miseriazko etxebizitzetara jo behar duzu. Hor azaltzen dira subarriendoak, eta jende-pilaketak». Oarsoaldean halako egoerak badirela baieztatu dute. Errenteria-Oreretako Lousada kaleko alokairuzko etxebizitza dotazionalak jarri dituzte adibide: «38 metro koadro eskaseko etxebizitzak dira, logela, sukaldea eta sala dutenak, eta familiak bizi dira bertan. Izaera sozialeko etxebizitzak dira, eta erakusten ari garena da ez direla kalitatezko etxebizitzak, ez dute familia unitatearen garapen egokia bermatzen».
Arazoa kapitalismoarekin lotu dute bi gazteek, eta autodefentsa sozialista planteatu dute irtenbide gisa. Etxebizitzari merkantzia izaera kendu ezean zail ikusten dute, ezinezko, egoera iraultzea: «Antolakuntza propioa eta instituzio proletarioak sortzea proposatzen dugu alternatiba bat aktibatzeko. Defendatzen duguna da kalitatezko etxebizitza doako eta unibertsala. Etxebizitza ez dago gizartetik bereizita, klase gatazkaren barruan rol bat jokatzen du, eta hori borrokatzera gatoz».
Tentsio handiko eremuak
Krisiak eragindako okertze orokorraren jakitun da Stop Kaleratzeak plataforma. Lanean hasi da hainbat udalerri tentsio handiko eremu izenda ditzaten. Horretarako mozioak aurkezten ari dira. Errenteriako Udala izan da mozioa aztertu, eta izendapenari oniritzia eman dion Gipuzkoako lehen udalerria: uztailaren 18an egindako plenoan erabaki zuten, eta EH Bildu, PSE-EE, eta Elkarrekin Errenteria alderdien babesa jaso zuen mozioak; EAJ eta PP, berriz, abstenitu egin ziren. Irungo Udalak beste hainbeste egin zuen joan den uztailaren 28an, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos Ezker Anitza–IU Aliantza Berdea udal taldeek onartu dute. EAJ abstenitu egin zen, eta PPk kontra bozkatu zuen.
Joan den astean, Pasaiako eta Hondarribiko udalak batu dira iniziatibara. EH Bildu, PSE-EE eta Podemos alderdien aldeko bozkekin eta EAJren abstentzioarekin egin zuen aurrera mozioak Pasaian, eta Abotsanitzek, EH Bilduk eta PSE-EEk alde egin zuten Hondarribian; EAJk abstentziora jo zuen.
Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak udalerria tentsio handiko eremu izendatzea erabakitako egun berean hasi zirela lanean azaldu dio HITZA-ri: «Udalak berak izendatzen du bere burua tentsio handiko zonalde, ondoren hori Eusko Jaurlaritzari jakinarazi behar zaio, baita Espainiako Estatuko ministerioari ere». Mozioa onartu zutenetik, legeak berak eskatzen duen lanketa abiatu du udalak, txostena lantzen ari da diagnostikoa egiteko zehatz etxebizitzaren egoeraren gainean. «Horren bidez egiaztatu behar da legeak jasotzen dituen bi irizpideetako bat bederen betetzen dela: lehena da etxebizitza ordaintzea suposatzen duen ahalegina diru sarreren %30 baino handiagoa izatea; bigarrena, alokairuaren prezioaren igoera azken bost urteetan KPI+3 puntu baino handiagoa izatea».
Legeak, gainera, hiru urteko plana aurkeztea eskatzen die udalei. «Bertan azaldu behar dugu etxebizitza eskuragarriagoa izatea nola ahalbidetuko dugun. Horretan ari gara», azaldu du Otaegik.
Alkateak uste du lehen irizpidea beteko duela Errenteria-Oreretak, eta tentsio handiko eremu izendapena urte amaiera bueltan helduko dela. Etxebizitzaren kinka larriari erantzuteko udalerrian hainbat neurri hartu dituztela esan du udal agintariak: «Alde Zaharreko etxebizitzak birgaitzeko plana izan dugu martxan, etxebizitza parkea baldintza onetan mantentzea badelako etxebizitza parke horretara sarbidea ahalbidetzeko modua; orain, Beraun Plana dugu martxan. Lokal komertzialak etxebizitza bihurtu ahal izatea zonalde erresidentzialetan ere bada etxebizitza eskuragarri jartzeko beste ekinbide bat. Alokairuko etxebizitzen parkea handitzeari begira, berriz, etxebizitza hutsak mobilizatzeko OHZn %100eko errekargua egin dugu azken urteetan, Bizigune eta ASAP alokairu publikoko programetan sartzearen truke etxe hutsak birgaitzeko laguntzak eman ditu udalak, eta partzelak bideratu ditu etxebizitza sozialak eraikitzera. Gazteen emantzipaziorako laguntza eta etxebizitza komunitarioa ere martxan daude».
Otaegik emandako datuen arabera, udalerrian dagoen 17.000 etxebizitza parketik, 2.001 —%14— alokairuzkoak dira, eta 500 etxe huts daude. Alokairuari erreferentzia egin dio, eta eskaera eta eskaintzaren arteko «desoreka handia» jarri du nabarmen, «presio handia dago merkatuan une honetan. Donostiaren metropoli garenontzat presioa ikaragarria da».
Beste ideia bat nabarmendu du Otaegik, haren ustetan garrantzia handikoa: «Joaten direnak baino gazte gehiago datoz gure herrira bizitzera. Iaz etorri zen gazte gehien gurera. Ez gara bakarrik gure herrian jaio eta hezten diren gazteen beharrak asetzeari buruz ari, metropoliaren logikan Donostiak eragiten duen exodo hori ere kudeatzeko premia etorri zaigu».
Oiartzungo Etxebizitza Bulegoa
Alokairuaren gaineko kezkaren harira 2016an jarri zuen Oiartzungo Udalak Etxebizitza Bulegoa martxan, Alokabiderekin batera; etxebizitza duinak alokairura bideratzea zuen helburu. Ordutik 221 maizter eta 55 etxejabe artatu dituzte zerbitzu horretan. Une honetan hamalau etxejabe daude izena emanda programan, eta 32 maizterrek behar dute laguntza bulegoak berak emandako datuen arabera: «Goranzkoa izan da bilakaera, batez ere maizterren kasuan. Urtetik urtera gehiago dira alokairu sozialaren eskatzaileak». Oiartzunen etxebizitza defizita dagoela aitortu du bulegoak. Aurten, irailera arte, hamabi maizterrek jaso dute aholkularitza Oiartzungo Etxebizitza Bulegoan, eta zortzi kontsulta egin dituzte telefono bidez. Beste datu bat ere eman du bulegoak: «Gaur egun ez dago Oiartzunen etxe hutsik ASAP programan sartuta».
Alokairua bikoiztuta San Pedron
Datu esanguratsuak ere Pasaia tentsio handiko eremu izendatzeko mozioa aztertzeko unean, Stop Kaleratzeak plataformako kide Rosa Garciak eman zituenak. 900 pasaitar daude Etxebiden izena emanda: «Batez besteko errenta 14.000 eurokoa dute, higiezinen agentziek emandako datuen arabera alokairua 1.000 euro ingurukoa denean. Horrenbestez, diru sarreren %80 bideratu behar dute alokairua ordaintzera». Alokairua ordaintzeko gaitasunik ez duten familien etxe kaleratzeak ugaritzen ari direla ere salatu zuen Garciak.
Egoeraren larritasuna gordin erakusten duen beste datu bat eman zuen plataformako kideak. San Pedroko Arrantzaleen auzoko etxeen alokairua, pandemia aurretik 400-500 eurokoa izatetik, gaur egun 800-850 eurokoa izatera pasa da, «hau dena gutxi balitz, Donibanen apartamentu turistikoak zabaltzen hasi dira, espekulazioaren bideari ekinez».